Bankuen gaineko zergak kenkariak izango ditu Kutxabankentzat eta Laboral Kutxarentzat

Fundazioetara eta kooperatiben funtsera bideratutako diruagatik deskontuak izango dituzte, eta landa eremuan kutxa automatikoak jartzeagatik.

Kutxabanken Bilboko egoitza. LUIS TEJIDO / EFE
Kutxabanken Bilboko egoitza. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 16a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bankuen zergak salbuespenak izango ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aurrerantzean, Espainiako legean aurreikusten ez diren kenkari fiskal esklusiboak izango dituzte hiru herrialde horietan egoitza duten bankuek. Neurriaren helburua argia da: Kutxabanken eta Laboral Kutxaren zama fiskala arintzea.

Kutxabank eta Laboral Kutxa orain arte Espainiako araudiaren arabera ari ziren bankuen gaineko zerga ordaintzen foru ogasunetan. Zerga hori 2023an sortu zuen Espainiako Gobernuak, hasiera batean behin-behinekoa izateko. 2024ko uztailean legea aldatu eta zerga iraunkor bihurtu zuen 2025 eta 2026 ekitaldietarako, baina Hego Euskal Herriko lau ogasunei beren araudi propioa diseinatu ahal izateko aukera eman zien. Trantsizio aldi honetan, Kutxabankek eta Laboral Kutxak ez dute zerga hori ordaindu behar izan.

Hemendik aurrera bai, bi urtez, 2025. eta 2026. ekitaldietako emaitzak kontuan hartuz. Itziar Gonzalo de Zuazo Arabako Ogasun diputatuak eta Itxaso Berrojalbiz Bizkaikoak aurkeztu dute arau berria beren lurraldeetako Batzar Nagusietan. Nabarmendu dute testua EAEko hiru foru ogasunentzat izango dela; Eusko Jaurlaritzarekin batera, hiruren artean egin dela.

Aldaketa nagusiak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako araudian hiru kenkari jaso dituzte, zeinak Espainiako araudian azaltzen ez diren, eta zuzenean Kutxabanki eta Laboral Kutxari mesede egingo dieten.

Batetik, gizarte ekintzari bideratutakoaren pareko murrizketa izango dute. Kutxabankentzat abantaila handia da hori; izan ere, azken urteetan irabazien %60 bideratu ditu bere hiru fundazioen gizarte ekintza finantzatzeko —BBK, Kutxa eta Vital—.

Bigarren kenkaria Laboral Kutxari eragingo dio zuzenean, Mondragon Taldeko kooperatiben erreserba funtsera bideratutako zenbatekoan %50eko deskontua ezartzen baitu.

Horiez gain, lege berriak beste kenkari bat jasotzen du landa eremuetan kutxa automatikoak jartzeko: 600.000 eurokoa horietako bakoitzagatik. Neurriak Kutxabank eta Laboral Kutxa lagunduko ditu bereziki, biak baitira eremu horietan presentzia handiena duten bankuak.

Bestalde, zergaren formula ekonomikoa ere ezberdina izango da. Berrojalbizek azaldu duenez, Espainiako araudian bankuen aktiboen arabera (ROA) —bankuak dituen edo kontrolatzen dituen diru sarrera guztien gainean— kalkulatzen da. Foru ogasunek, berriz, bankuen funts propioak (ROE) hartuko dituzte oinarritzat —benetako kapitala, zor guztiak kenduta—.

Bizkaiko Foru Aldundiaren kalkuluen arabera, araudi berriarekin Kutxabankek eta Laboral Kutxak guztira 9,9 milioi euro inguru ordainduko dituzte lurralde horretan. Aldi berean, foru ogasunek Espainiako araudiaren arabera zergapetutako bankuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duten jardueragatik zati bat jasoko dute: Bizkaiak 20 milioi euro inguru espero ditu, eta Arabak, 1,1 milioi euro. Gipuzkoak ez du kalkulu horren berri eman.

Nafarroan aurrera

Neurriak aurrera egin dezan, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek oposizioko alderdiren baten babesa beharko dute, Bizkaian ez bezala, EAJk eta PSE-EEk gehiengorik ez dutelako han. Lehen erreakzioak kritikoak izan dira. Elkarrekin Podemosek salatu du kenkari horiek sozietateen gaineko zergan jasotzen direla jada, eta, beraz, «pribilegio fiskal» bat direla Kutxabankentzat eta Laboral Kutxarentzat. PPk kenkari gehiago eskatu ditu. EH Bilduk, berriz, adierazi du Nafarroan ezarritako neurria baino «bigunagoa» dela Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak indarrean sartu nahi dutena.

Hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak ostegun honetan onartu du 2025 eta 2026rako araudi berria. Horrek ez du kenkaririk jasotzen. Nafarroako Gobernuak 20 milioi euro inguruko bilketa aurreikusten du. Legea PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdien babesarekin onartu da; UPNk, PPNk eta Voxek aurka bozkatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.