Bankuen kontrol zorrotzagoa hitzartu dute AEBetan

«Depresioaz geroztiko» erreforma handiena onartzeko nahiko boto izango dituela espero du Barack Obamak

Iker Aranburu.
2010eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Hainbatetan agindutako finantza munduaren erreforma eskuetan duela parte hartuko du gaur Barack Obamak G20ko taldearen goi bileran. AEBetako Kongresuko negoziatzaileek, eztabaida luze baten ondoren, bankuak eta beste finantza erakundeak zorrotzago kontrolatzeko eta herritarrak babesteko proposamen bateratua hitzartu zuten atzo.

Erreforma «Depresio Handiaz geroztik egindako handiena» dela nabarmendu du Obamak: «Ikusi dugu zer gertatzen den ongi gainbegiratzen ez denean eta Wall Streeten gardentasunik ez dagoenean. Kongresuan egingo dituen aldaketekin, Wall Street bere ekintzen erantzule izango da, eta horrela eragotzi ahal izango dugu orain bizi dugun krisia». Azken urratsa AEBetako parlamentuko bi ganberen onespena da. «Lortuko dugu, ziur», agindu du Obamak. Baina, horretarako, beharrezkoa izango du errepublikano batzuek aldeko botoa ematea, eta aurreko saioetan halakorik ez du lortu Obamak.

Gainbegiratzea

Finantza sistema osorik gainbegiratuko du hamar laguneko batzorde batek, arazo handiak aldez aurretik ikusteko. Altxorreko idazkaritzak berak eskumena izango du sistemaren iraupena kolokan jar dezaketen bankuak zatitzeko eta haiek arautzeko. Bankuak ez ezik, finantza sektoreko beste eragile handiak likidatu ahal izango dituzte agintariek, eta zerga bat pagatu beharko dute, badaezpada.

Arriskuak mugatu

Hasierako proposamena zen bankuei debekatzea hedge fund-ak edo espekulazio handiko beste funtsak izatea. Wall Streeten presioari esker, Kongresuak proposatu du bankuek asko jota beren kapitalaren %3 izatea funts horietan.

Deribatuen kontrola

Punturik polemikoena izan da. Finantza produktu deribatuekin tratuak egiteko erabateko debekuari izkin egin diote bankuek, baina, hala ere, muga handiak izango dituzte haiekin tratua egiteko. Deribatuak merkatu arautuetan salerosiko dituzte, orain arte ez bezala.

Tarifak

Erreforma 19.000 milioi dolar kostako da, eta finantza eragileek beraiek pagatuko dute.

Bankarien soldatak

Bankuek ez ezik, burtsan kotizatzen duten enpresa guztiek arau batzuk bete beharko dituzte beren arduradunen soldatei buruz.

Herritarren babesa

Mailegu arruntetan eta kreditu txarteletan gehiegikeriak izan ez daitezen sortuko dute Kontsumitzailearen Finantza Babeserako Bulegoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.