Barne eskaerak, tiraka

Esportazioen beharrean, barne kontsumoak bultzatu du hazkundea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.Inbertsioek beherantz jarraitzen dute

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bigarren atzeraldiaren ondotik, oraindik ere susperraldia eskasa da. Haatik, hobekuntza gidatzen duten faktoreetan aldaketak badirela diote Eustatek atzo eguneratutako datuek. Atzeraldian barne eskaeraren murrizketak pisu handia izan zuen, eta soilik esportazioen ekarpenari esker arindu ohi zen erorketa. Faktore horiek aldatu dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, apiriletik ekainera barne eskaera indartu da (%1) urte arteko tasan, batez ere familien kontsumoari esker (%1,4). Administrazioen kontsumoaren ekarpena ere aldekoa da urte arteko tasan (%0,5), baina urteko lehen txanparekin alderatuz, erakunde publikoen kontsumoa berriro erori da (%4,7).

Aurreko urtearekin alderatuz inbertsioak ere oraindik ere beheraka ari direla dio Eustatek, nahiz eta ekipamendu ondasunetan dagoeneko ari den hazten (%2). Kanpo sektorearen ekarpena, berriz, negatiboa izan da. Hots, inportazioak produktuen esportazioak gainditu dituzte, aspaldiko partez.

Nafarroan joera antzekoa da. Barne eskaerak lehen aldiz gora egin du apiriletik ekainera (%0,8). Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez bezala, ordea, kanpo sektoreak baita ere eusten dio igoerari (%1,3).

Eskaintzaren ikuspuntutik, aldaketa gutxi. Industriak (%0,7) eta zerbitzuek (%0,9) sostengatzen dute BPGren igoera. Lehen sektorearen ekarpena ere handitu da, nabarmen (%7,7), baina kontuak hartu behar da sektore txikia eta oso aldakorra dela, sasoiaren arabera gorabehera handiak ematen dituena. Krisia hasi zenetik gertatu den bezala, eraikuntzaren ekarpena da zamarik handiena: %1,4 erori da urte batetik bestera, eta %2,9 aurreko hiruhilekotik. Edonola ere, uzkurtze hori txikia da aurreko urtekoekin alderatuz gero: %-%8,2 2012an eta -%5 2013an.

Nafarroa hobeto

Herrialdeen hazkunde datua ere argitaratu zuen atzo Eustatek. Kontuan hartu behar da Nafarroaren hazkundea %1,6 izan dela urte arteko tasan, eta %0,6 hiruhilekoan. Beste herrialdeei dagokionez, Gipuzkoak ditu daturik onenak: %1,1 urte arteko tasan eta %0,4 hiruhilekoan. Bizkaiaren hazkundea urte batetik bestera %0,8 da (%0,4 hiruhileko tasan), eta Arabarena %0,7. Arabaren kasuan, hiruhilabete batetik bestera hazkundea hamarren bat baino ez da izan.

Enpleguari dagokionez, lehen hiruhilekoan baino 4.300 lanpostu gehiago zenbatu ditu Eustatek. Aurreko urtearekin alderatuz, ez dago ia alderik (528 lanpostu gehiago). Urte batetik bestera enpleguak gora egin du Zerbitzuetan (%0,9) eta Lehen sektorean (%0,7), baina jaitsi egin da Industrian (-%1,8) eta Eraikuntzan (-%2,7).

Udan ekonomiak izan duen garapenari buruzko aurrerapena datorren urriaren 29an argitaratuko du Eustatek. Beste atzeraldi luze baten ondoren, barne produktuak gora egin izan du bederatzi hilabeteotan. Haatik, euroguneko ekonomia ez aurrera ez atzera dago, eta horrek ondorioak izan ditzake aurrera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.