Baserritar Bilgunea «sindikatu agroekologista» sortu dute

Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza «eredu berri bat» bultzatu nahi dute. Sektoreko beste sindikatuei eta erakundeei eskua luzatu diete, baina errespetua eskatu dute.

Sindikatu berriko kideak, Donostian gaur arratsaldean egindako agerraldian. BERRIA
Sindikatu berriko kideak, Donostian gaur arratsaldean egindako agerraldian. BERRIA
jokin sagarzazu
Donostia
2025eko azaroaren 1a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen sektorean egun dagoen sindikalismo ereduarekin konforme ez dauden nekazari eta abeltzain batzuek erakunde bat sortu dute: Baserritar Bilgunea. Agroekologiak eta elikadura burujabetzak batzen ditu. Eredu horren alde ari direnei eta baserri txikiei zuzenduta egongo da. Gaur aurkeztu dute, Donostiako Gipuzkoa plazan, eta 50 bat lagunek parte hartu dute, «festa eta aldarrikapen giroan», sektorearekin lotutako arropak soinean eta lanerako erremintak eskuetan zituztela. Ekitaldia amaituta, kalejira bat egin dute, Batukada Feministak lagunduta.

Itziarko (Gipuzkoa) Doniene Haundi baserriko Nerea Arrizabalagak eta Arrasateko (Gipuzkoa) Aranguren baserriko Lur Pagoagak jendaurrean irakurri duten agirian diotenez, lehen sektoreko lan baldintzak «duintzeko» ezinbestekoa da ekoizpen moduak errotik aldatzea eta eredu ekologikoago eta gertuagoko batera jotzea. Horren alde dauden nekazariak eta abeltzainak bildu nahi dituzte, «elkarri babesa emateko» eta «borroka bateratua» egiteko. 

Sindikatu izaera eman diote elkarteari. Azaldu dutenez, bereziki kezkatuta daude «industrializatutako ekoizpen ereduarekin» eta sektoreko errelebo faltarekin. Haien ustez, egungo erakundeek, lehen sektoreko sindikatuak barne, ez dute nahikorik egiten arazo horiei aurre egiteko.

Nabarmendu dute sindikatu berria «sektore osoari» irekita dagoela, «baina bereziki euren ekoizpen eredua aldatu nahi duten edo era jasangarriagoetara hurbiltzen saiatzen diren baserritar guztiei». Tresna horren bidez, bide horretan ari direnen arteko «topaguneak» sortu nahi dituzte, arazo komunak identifikatzeko eta irtenbide partekatuak bilatzeko. Helburu orokorrago bat ere badute: agroekologiaren bidez elikadura burujabetza bultzatzea, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean «zubi sendoagoak eraikiz».

Lurraren defentsa eta osasuna

Baserritar Bilguneak lau ardatz nagusitan antolatuko ditu bere ekintzak. Aurrenekoa, lehen sektorean jasaten ari diren «eraso ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen» aurka defentsa aktiboa egitea. Bigarrena, baserritarrek elkarren babesa sustatzea eta «komunitatean saretzea». Hirugarrena, agroekologia eta baserri txikien garrantzia aldarrikatzea, administrazioaren aurrean ahots bateratua izanda. Eta laugarrena, sektorearen etorkizuna bermatuko duten «bide berriak eta merkaturatze sistema alternatiboak» sustatzea, ekoizleak eta kontsumitzaileak hurbiltzeko bideak bilatuz.

«Lehen sektoreak bat egin beharko luke lurraldearen defentsan, ez bakarrik gure lanbidea eta gure bizimodua delako, baizik eta herrikideen elikadura osasungarri eta osasuntsuaren alde egiten duelako», azpimarratu dute Donostian egindako agerraldian.

Hiru urteko prozesua

Antolakunde berri bat sortzeko erabakia hiru urteko lanaren fruitua dela azaldu dute. Azkenean, urriaren 11n Lazkaon (Gipuzkoa) egin zuten eratze batzarra, eta han «aho batez eta ilusioz» adostu zuten sindikatu izaera ematea.

Hori egituratzen hasiko dira aurki, eta «ekintza zehatzak definitzeari» ekingo diote jarraian. Lehen urratsa izango da sektorea nola dagoen aztertzea, eta, horretan oinarrituta, ekintza programa bat zehaztea. Horren helburua da nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza «industriaren eredutik» urrundu nahi duten ekoizleei «alternatibak» eskaintzea, «euren jarduna modu duin batean garatu ahal izateko».

Diagnosi eta ekintza programa hori lehen sektoreko beste sindikatuei eta erakundeei aurkeztu diete, elkarlana sustatze aldera. Sindikatu berriak uste du ezinbestekoa dela eragileen arteko borroka bateratua izatea lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko. Baina, horrekin batera, haiek defendatzen duten ereduarekiko errespetua eskatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.