Egurgintza

Baskegurrek dio eraginkorra dirudiela pinuen aurkako oxido kuprosoaren tratamenduak

Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak esan du baso mozketa gehiago egonagatik ere sektoreak egurraren prezioari eusteko ahalegin berezia egin duela.

jarraia168508.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko uztailaren 5a
10:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik ezin dute emaitzarik eman, baina irudipenaren berri eman du Oskar Azkarate Baskegur Euskadiko egurraren elkarteko zuzendariak. Joan den urtean Euskal Herriko basoetan hedatu zen gaitzaren aurkako tratamendua egiten ari dira oxido kuprosoarekin, eta esan du badirudiela egokia dela haren eraginkortasuna. “Oraindik ezin dugu zehatz hitz egin, baina badirudi emaitza ona izaten ari dela”. Iazko datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intsinis pinuen %36 gaixo zeuden, eta hiru lurraldeetako egur ekoizpenean gehien erabiltzen den zuhaitz espeziea da: %81 kasutan, intsinis pinua ustiatzen da. Horrek agerian uzten du, beraz, gaixotasunak zenbateko garrantzia eduki duen sektorean.

Gehien ustiatzen den espezieari zuzenean eragiten dion gaixotasuna da, eta baso jabe askok mozketa baimenak eskatu dituzte. Azkarateren arabera, ordea, denbora asko behar izaten da baimen horiek eskatzen direnetik basoak moztu arte, eta, iaztik egundaino baimen eskaerak gora egin badu ere, oraindik ez daukate mozketen datu zehatzik. Dena den, esan du begi bistakoa dela gehiago mozten ari dela. Horrek egurraren prezioan izan zezakeen baino eragin txikiagoa izan du, sektorean “ahalegin berezia” egin delako prezioak ez jaisten. “Erosleek izan zezaketen tentazio hori, baina luzera begira euren kalterako izango zen, eta, prezioak apur bat jaitsi badira ere, oro har eutsi egin diote”.

Edozein modutan, aurten, xingola marroiaren gaixotasunak ez du oraindik iaz bezainbesteko kalterik eragin. “Hezetasun txikiagoa egon da, eta, klima baldintzen eraginez, ez da horrenbeste zabaldu”. Hala ere, oharra egin du Baskegurreko zuzendariak: klima aldaketarekin gaitz gehiago azalduko direla Euskal Herriko basoetan.

Alde horretatik, klima aldaketaren aurka borrokatzeko basogintza sektoreak egun egiten duen baino askoz gehiago egin dezakeela azaldu du. “Hemen zuhaitzen espezieei buruzko eztabaidak nagusitzen dira batez ere, baina apenas hitz egiten den plastikoa ordezka dezakeen eta egurrarekin ekoizten den biozelulosari buruz”. Edo egurrezko eraikuntzari buruz, edo biomasari buruz. Horregatik, Azkaratek zehaztu duenez, litekeena da euskal basogintzak eta egurgintzak ildo horretan lan egitea datozen urteetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA