Datuek, atsekabea itzalpean utzi arren, arazoaren neurria ematen dute: 1.000 bat langile inguru ditu gaur egun basogintza sektoreak Euskal Herrian, eta urtero, batez beste, behargin horietako bizpahiru hil egiten dira laneko istripuetan.
«Basogintza sektorea eraikuntza bera baino hamar-hamabost aldiz hilgarriagoa» dela salatu dute gaur LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek. Iruñean egin dute elkarretaratzea, Nafarroako Prebentzio Legearen urteurrenean, laneko heriotzek hor jarraitzen dutela gogoratzeko, eta salatzeko «enpresek 30 urteren ondoren ez dutela betetzen lan osasuneko araudia».
Iruñeko Gazteluko plazan egindako mobilizazioan, sindikatuek nolabait irudikatu nahi izan dituzte joan den astean Sakanako baso batean jazotako bi istripu larriak, zuhaitz batek azpian harrapatuta hildako langile baten figura erakutsiz, «Enpresen arau hausteak azpian harrapatzen gaitu!» afixarekin. Enpresa bereko beharginak ziren: 32 urteko langile bat larri zaurituta eraman zuten helikopteroz ospitalera, eta egun batzuk geroago, 62 urteko langile bat hil egin zen, adar batek jota.
Sindikatuen ustez, basogintza sektoreko heriotza tasa handiaren oinarrizko arrazoietako bat alorrean dagoen sakoneko prekaritatea da. Prekaritate horren adibidea eman dute: «2018. urtera arte, basogintza sektoreak oso langile gutxi zituen alta emanda dagokion jarduera ekonomikoaren erreferentziapean. Ikuskapen kanpaina baten ondorioz, bat-batean basogintzan altan emandako langileen kopuruak gora egin zuen nabarmen».
Araudia betetzea
«Lan erritmoek, gehiegizko lanorduek, malkar handiek, tresneria desegokiak, formakuntza faltak... horiek guztiek esponentzialki areagotzen dituzte basogintzaren berezko arriskuak. Azken lau urteetan hamar langile hil dira basoan, horietatik zortzi aktibitate intentsiboan».
Zenbait eskari egin dizkiote Nafarroako Gobernuari: basogintzan araudia betearazteko, kontrolak areagotzeko, baso ustiapenen ordutegia mugatu eta ikuskatzeko, kontratazioa ikuskatzeko, eta basozainentzako lan osasuneko prestakuntza emateko.