Autogintza

Baterien zelulak muntatzeko lantegia ez da Landabenen egongo

Hyundai Mobisek iragarri du «neurri handiko kontratu bat» itxi duela VWekin. Lantegia Imarkoainen da jartzekoa, Garraioaren Hirian.

VWeko sindikatuen elkarretaratzea, apirilean, Landabengo lantegiaren sarreran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko abuztuaren 9a
13:51
Entzun

Iragarpen ofiziala baizik ez da falta, baina hurrengo egunotan da iristekoa: Hyundairen Mobis filialak autoentzako bateriak muntatzeko lantegia irekiko du Nafarroan, Garraioaren Hirian (Imarkoain, Elortzibar, Nafarroa). Lantegia ez da Volkswagenek Landabenen duen plantan kokatuko, Alemaniako multinazionalak ebatzi baitu merkeago aterako zaiola muntatzea azpikontratatzea, bere fabrikan bertan egitea baino.

«Ez dakigu ezer», aitortu dio BERRIAri Igor Peñalver VWeko ELAko ordezkariak. Hark Diario de Noticias egunkariaren bitartez jakin du berria, eta azaldu du enpresako arduradunek ez dietela ezer baieztatu.

Fabrikaren kokapena zehaztu gabe, baina lantegia irekiko duela onartu du Hyundai Mobisek. Agentziei gaur igorritako agiri batean, auto osagaien Hego Koreako egileak iragarri du «neurri handiko kontratu bat» lortu duela atzerrian, Volkswagen AGrekin.

Mobisek ziurtatu duenez, Alemaniako multinazionalak «onartu egin du auto elektrikoen osagaietan Mobisek duen abantaila». Fabrika berria «Espainiako auto lantegi batetik gertu» egongo dela azaldu du. Baldintza horrekin, Iruñean baizik ezin da izan, VW taldearen beste lantegia Martorellen baitago (Katalunia), baina, horretan, enpresak erabaki du bateriak muntatzeko tailerra fabrikaren barruan jartzea.

Hilabete batzuk baziren VW Hyundai Mobisen alde lerratuko zela zabaldu zela. Kostuak aipatu ziren orduan. VWeko zuzendaritzak Landabeneko langileen ordezkariei baieztatu zien ez zegoela dirurik inbertsio osoa bere gain hartzeko, eta horregatik hartu zuela indarra azpikontratazioaren aukerak.

Enplegua

Bada beste faktore bat ere: enpleguari eustea. «Inbertsioak langile galera handiko lekuetan bilduko zituztela esan ziguten. Polonian, esaterako, motor fabrikak dituzte, eta horietan lanpostu asko galduko dira; guri, berriz, esan digute ez dugula galera handirik izango», azaldu du Peñalverrek. Autogilearen asmoa da 2024an hastea Landaben auto elektrikoen ekoizpenera egokitzeko lanak. Ibilgailuen ekoizpena —VW markako bat eta Skoda bat— 2026ko bigarren erdian edo 2027ko hasieran hastea da asmoa.

Baterien zelulak Valentzian egingo ditu VWek, Sagunt hirian irekiko duen gigafaktorian. Handik Nafarroara eramango dituzte, Imarkoainen muntatu, eta gero eraman Landabenera. Hamar kilometro eskas daude lantegi batetik bestera, eta piezen garraioa kamioien bidez egin beharko dute. VWek aztertu zuen beste aukera zen Martorellen biltzea muntatze osoa, baina horrek esan nahiko luke osatutako bateriek 400 kilometro egin beharko lituzketela handik Iruñera.

Muntaketa Iruñeko lantegian bertan egitea nahiago zuten VWeko sindikatuek, baina, hala ere, Peñalverrek nabarmendu du «Nafarroarentzat berri ona» dela lurraldean bertan jartzea.

Inbertsioa 200 milioi eurorena izango dela dio Noticias de Navarra-k, eta printzipioz 200 langile kontratatuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.