Mondragon taldeko Batz kooperatibak Velatiaren jabetzako WEC Wallair Engine Components enpresaren %60 erosiko du, eta, gaur jakinarazi dutenez, helburu dute Bizkaian «aeronautika osagaien negozio unitate berri eta lider bat sortzea, sektoreko nazioarteko ekoizle nagusiekin lehiatzeko adinako tamainakoa». Konpainiaren %40ren jabe izaten segituko du Velatiak.
WEC Velatiak 2005. urtean sortutako enpresa bat da, eta hegazkinen motorren eta turbinen osagaiak diseinatzen eta fabrikatzen ditu. Zornotzan (Bizkaia) du egoitza, hamabi milioi euro fakturatu zituen iaz, eta haren bezeroen artean daude ITP Aero, Liebherr eta Safran, besteak beste.
Orain, bat egingo du Batz Aerorekin, Batz kooperatibaren aeronautika adarrarekin. Batzek autogintzarako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditu nagusiki, Igorren (Bizkaia) du egoitza nagusia, eta 1.300 lagunek osatzen dute lantaldea.
Adierazi dutenez, gaur iragarritako operazioak modua emango die ekoizpen gaitasunean, berrikuntzan eta garapen teknologikoan gehiago inbertitzeko.