Informazioen teknologietako euskal enpresarik handienetako bat izandakoaren jabetza Euskal Herrira itzul dadin urratsa egin du BBK fundazioak. Kutxabanken akziodun nagusiak eskaintza bat aurkeztu du Ayesa taldearen atal teknologikoa —Ibermatica— erosteko. 500 milioi euroren kostua izango luke operazioak. Hala jakinarazi du Espainiako ExpansiĂ³n egunkariak, eta hala baieztatu Europa Press berri agentziak.
AMCE A&M Capital Europe, Alvarez & Marsal Capital inbertsio funtsak 2021ean Sevillako (Espainia) Ayesa taldea erosi zuen, akzioen %50 baino gehiago eskuratuta —ez zuten zehaztu zenbat—. Operazio horrekin, ezarritako helburuak bete dituela eta inbertsioa kapitalizatzeko garaia dela uste du, eta salmentan jarri ditu bere aktiboak.

Houlihan Lokey eta Arcano Partners aholkularitza etxeek koordinatzen dute operazio hori, bi atal bereizitan: batetik, aholkularitza teknologikoaren salmenta dago —Ibermaticaren jarduera nagusia—, eta, bestetik, ingeniaritza aholkularitzarena. BBK fundazioak adierazi du prest dagoela lehen atala erosteko, eta lehiakideen artean honako hauek ditu: HIG Capital, Blackstone eta CapVest. Azaro amaierarako edo abendurako espero da erabakia.
BBKrenak izaera estrategiko eta sinboliko handia du; izan ere, Ibermatica Euskal Herriko teknologia sektorearen ikurretako bat da. 1973an sortu zuten, Donostian, orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta, eta informatikako zerbitzuak eskaintzeko asmoz.
Mugimendu estrategikoa
Ibermatica Kutxabank taldearen kontrolpean egon zen urte luzez, baina, Europako Banku Zentralak aurrezki kutxei industria partaidetzak murrizteko eskatu zienean, entitateak irteteko prozesua hasi zuen 2012an: lehenik, partaidetzaren %4 saldu zion ONCEri. 2013an, ProA Capital funtsa sartu zen akziodun nagusi gisa, baina Kutxabankek %15i eutsi zion. 2022an, Espainiako Ayesa taldeak enpresaren %100 eskuratu zuen.
Ayesaren barruan, Ayesa IT izeneko atalean integratuta geratu zen Ibermatica. Salmenta gauzatu zenean, 4.750 langile zituen Ibermaticak. Iaz, Ayesa ITk 530 milioi euro inguru fakturatu zituen, taldearen bi herenak gutxi gorabehera. 23 herrialdetan ditu bulegoak. Hego Euskal Herrian Donostiako Miramongo parke teknologikoan du egoitza nagusia. Urteotan Ayesa taldeak inbertsioak egin ditu Euskal Herrian. Adibidez, 2024ko maiatzean Miramonen zabaldutako zibersegurtasun zentroa, Euskal Herriko handiena.
Ikusi gehiago
BBK fundazioak Ayesa IT erosteko abiatu duen operazioak izaera estrategikoa dauka. Gaur egun 1.100 milioi euroren partaidetzak ditu enpresetan, eta 2035erako 2.800 milioira iristea du helburu. Horrez gain, Kutxabanken akzioen %57ren jabe da —3.600 milioi euro—. Besteak beste, konpainia hauetan dago: Gestamp, Iberdrola, Redeia, CAF, Vidrala, Arteche eta APK2. Talgo erosteko Jose Antonio Jainaga Sidenorren jabeak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu duten partzuergoko kide ere bada. Ibermaticarena BBKren akzio erosketarik handiena izango litzateke.
50 URTEKO IBILBIDEA
- 1973. Ibermatica sortu zuten Donostian, aurrezki kutxen eta bertako industrien kapitalarekin.
- 2012. Kutxabankek bere akzioen %4 saldu zizkion ONCEri, eta haren partaidetza %50etik behera kokatu zen.
- 2013. ProA Capital funtsak %55Â eskuratu zuen, eta Kutxabankek bere partaidetza %15era murriztu zuen.
- 2021. Erresuma Batuko AMCE A&M Capital Europe, Alvarez & Marsal Capital funtsak Sevillako (Espainia) Ayesa taldea erosi zuen.
- 2022. Espainiako Ayesa taldeak Ibermaticaren %100 erosi zuen, eta Ayesa IT izeneko atalean integratu zuen Ibermatica.
- 2025. AMCEk Ayesa taldea saltzeko operazioa abiatu du. Ayesa IT atalarenak 500 milioi euroko kostua izango luke.
Â