Finantzak. Azterketa banku eta aurrezki kutxei

BBK, Kutxa, Vital, Banca Civica eta BBVAk estres testak gainditu dituzte

Hipotesi ekonomiko txarrean 90 finantza erakundetatik zortzik kapital gehiago behar dute, eta hamaseik ozta-ozta gainditu duteAzterketa gainditu ez dutenen artean Banco Pastor eta Catalunya Caixa daude

joxerra senar
Iruñea
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Europako Banku Agintaritzak urtebetean bigarren aldiz egindako estres testak gainditzea lortu dute Hego Euskal Herriko lau aurrezki kutxek. Oraingoan, finantza sendotasun handiena Gipuzkoa Donostia Kutxak erakutsi du, eta hipotesi ekonomiko txarrenean aktiboekiko %5eko oinarrizko kapital maila —finantza munduan core Tier 1 ratio gisa ezagutzen dena— bikoiztea lortu du. BBK-k eta Vital Kutxak ere aise gainditu dute maila hori, eta %8,8 eta %8,7 lortu dute, hurrenez hurren. Arazo gehiago erakutsi du Banca Civicak —Nafarroako Kutxa da banku horren bazkideetako bat—, hipotesi txarrean %5,6ko oinarrizko kapitala duela ondorioztatu baitu. Haatik, aintzat hartuta iaz kale egin zuela azterketa berean, oso pozik azaldu da emaitzarekin. Bilbon egoitza nagusia duen BBVA bankuak, berriz, kasu txarrenean %9,2ko kapitala lukeela ondorioztatu dute azterketek.

Erresistentzia azterketa horien eraginkortasuna auzitan jarri zen iaz. Irlandako banku handienek iazko uztaileko probak gainditu bazituzten ere, etxebizitza burbuilaren eztandaren ondorioz aktibo toxiko ugari zituztela azaleratu zen gerora, eta azterketen emaitzen sinesgarritasuna kolokan jarri zen, hortaz.

Hain justu ere, aurtengo azterketen xedea da iazko porrot hori saihestea eta Europako finantza sistema osoaren gaineko konfiantza igortzea errenta finkoko zein aldakorreko inbertitzaileei eta Europako bankuei beraiei, euren artean dirua elkar trukatu eta likidezia arazorik egon ez dadin.

Iazko emaitzek polemika sortu arren, Andrea Enria EBAko presidenteak azpimarratu du iazko esperientzia baliagarria izan dela eta, horri esker, Europako finantza erakundeek 100.000 milioi euroko kapital handitzea egin dutela: erdia irabazietatik dirua hartuta eta beste erdia kapitala hedatuta. Enriaren arabera, hori egin izan ez balute, hogei bankuk ez lukete pasatuko erresistentzia azterketa, eta 26.800 milioi euro gehiago beharko lituzkete.

Azken emaitza bestelakoa izan da. Azterketa egin duten 90 erakundetatik zortzik hipotesi txarrenean kapitala behar duela ondorioztatu da. Guztira, zortzi erakundeok 2.585 milioi euro behar dituzte. Proban kale egin duten zortzi erakundetatik hiru Herrialde Katalanetakoak dira, Espainiakoak bi, Greziakoak beste bi eta Austriakoa bat. Alabaina, beste hamasei erakundek hipotesi txarrenean %6tik beherako kapital baldintzak dituzte, eta ozta-ozta pasatu dute gutxieneko %5eko langa.

Muga gainditu ez dutenen artean, Alacanten (Herrialde Katalanak) egoitza nagusia duen CAM Caja del Mediterraneok beharko du kapital gehien: 947 milioi eurohipotesi txarrenean eta 540 milioi euro egungo egoeraren arabera. Era berean, Galizian egoitza duen Banco Pastorrek %3,3ko oinarrizko kapitala du; 317 milioi euro gehiago beharko ditu, hortaz. Azterketa gainditu ez duten beste erakundeak Catalunya Caixa, Unnim, Caja3, Oesterreichische Volksbank, Ate Bank eta Eurobank dira.

Bederatzigarren bat egon behar luke. Alemaniako Helaba edo Hessische Landesbank-ek azterketatik ateratzea erabaki zuen herenegun, aldez aurretik zekielako ez zuela gaindituko. Aurtengo azterketan oinarrizko kapitala zehazteko irizpideak zorroztu egin ditu EBAk eta hortik at geratu da Alemaniako Bundesbank banku zentralak onartu ohi duen kapital mota bat: kapital hibridoa. Bundesbank-eko eta Helabako agintariek protesta egin dute, kapital hibrido hori gabe kale egingo zutela bazekitelako. Era berean, Espainiako Gobernua kexu azaldu da hornidura antiziklikoak ez direlako core Tier 1 adierazlean sartu.

Hain justu ere, BBK-k azpimarratu du hornidura antizikliko horiek aintzat hartu ez direlako «erakunde zigortuena» izan dela. Hala ere, EBAren exijentzia maila «erraz» gainditu duela azpimarratu du. BBK 23. postuan geratu da.

Gipuzkoa Donostia Kutxa, berriz, 14. geratu da kaudimen sailkapen horretan eta, kasurik txarrenean, EBAk exijititutako kapitalaren bikoitza du. Xabier Iturbe presidentea pozik azaldu da, eta emaitza horiek Kutxaren «zuhurtziazko kudeaketa» babesten duten dutela deritzo.

Askoz arazo gehiago izan ditu iaz kale egin zuen Banca Civicak (79.). Bankuak azpimarratu du emaitzok bere «finantza sendotasuna» frogatzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.