BBKrekin eta Kutxarekin elkarlanerako prest dago Sabadell bankua

Guipuzcoanoko 150 lanpostu kolokan egon arren Sabadellek negoziatzeari uko egin diola adierazi du LABek

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
BBK, Kutxa eta Sabadell bankua elkar ulertzera kondenatuak daudela uste du Josep Oliu erakunde katalaneko presidenteak. Orain Sabadell bankua da Banco Guipuzcoanoren jabea. BBK eta Kutxa, berriz, Gipuzkoako bankuaren akziodunak dira, eta ez dute beren partaidetza saltzeko asmorik. Horiek hala, berak gidatzen duen erakundea etorkizunean BBKrekin eta Kutxarekin operazio bateratuak gauzatzeko prest dagoela adierazi zuen Oliuk atzo, Bilbon egindako agerraldi batean.

Nazioarteko negozioen jardunaldi batzuen harira etorri zen Oliu Bizkaiko hiriburura. Baina, aurretik, Guipuzcoano erosteko operazioaren inguruan kazetariei azalpenak emateko beta hartu zuen. Pozik agertu zen erosketarekin, eta Euskal Herrirako plan handizaleak dituztela jakinarazi zuen, merkatu kuota bikoiztea kasu.

BBK eta Kutxarekin harremanetan daudela ere azaldu zuen Oliuk. BBK-k %1,086ko partaidetza du Guipuzcoanon, eta Kutxak %0,739koa. «Saltzeko asmorik ez dutela esan digute, gutxienez Sabadellen proiektua gustuko duten bitartean». Hortaz, elkar ulertu beharko dutela uste du Oliuk.

Sabadelleko presidentearen arabera, Espainiako finantza sistema asko aldatuko da datozen bizpahiru urteetan. Banku berriak sortuko direla dio, eta banku horien jabeak aurrezki kutxak izango direla. Uneren batean, ordea, beren kapitalaren zati bat saltzera merkatura jo beharko ei dute. Eta, Oliuren ustetan, hori izango da BBK eta Kutxarekin operazio bateratu bat gauzatzeko unerik aproposena.

150 lanpostu arriskuan

Sabadellek Guipuzcoano erosi izanak Gipuzkoako bankuko 150 lanpostu kolokan jarri dituela dio LABek. Sindikatua aspalditik ari da langile horiekin zer gertatuko den jakin nahian, baina Sabadelleko zuzendaritzak negoziatzeari uko egin ei dio. Bien bitartean, inori inolako azalpenik eman gabe, langileak lekualdatzen hasi direla salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.