Bankuak

BBVAk 1.846 milioi euro irabazi ditu urteko lehen hiruhilekoan

225 milioi euro ordaindu ditu Espainiako Gobernuak bankuei ezarritako ezohiko zergagatik.

BBVAK Madrilen duen egoitza. EMILIO NARANJO (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 27a
11:33
Entzun

BBVAk 1.846 milioi euro irabazi ditu urteko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino %9,4 gehiago, nahiz eta Espainiako Gobernuak bankuei jarri dien ezohiko zergarengatik 225 milioi euro ordaindu behar izan dituen.

Banku zentralek bultzatutako interes tasen igoera funtsezkoa izan da emaitza on horietan, interesetan 5.642 milioi euro irabazi baititu, iaz baino %3,1 gehiago.

Etekin gehienak Mexikoko filialetik lortu ditu, Espainian lortutakoen halako bi. Zehazki, 1.285 milioi euro irabazi ditu Mexikon, batez ere kredituen diru sarrerengatik: %13 gehiago.

Espainian, 541 milioi euro irabazi ditu, urtebete lehenago baino %9,5 gutxiago, bankuei ezarritako ezohiko zergak eraginda. Gainera, bankuaren kreditu zorroa %1,2 murriztu da, eta gordailuak %3,1.

Bankuaren akzioen balioak gora egin du iaztik. Gaur urtebete, titulu bakoitza 4,7 euroan ordaintzen zen, eta, gaur egun, 7 euro inguru.

Deutsche Bank

Europako banku nagusiak ere urteko lehen hiruhilekoko emaitzak ezagutarazten ari dira egunotan. Kasu esanguratsuena Deutsche Bankena da. Martxoaren amaieran argi gorriak piztu ziren, bere akzioak izugarri erori zirelako, SVB banku estatubatuarra eta Credit Suisse suitzarrak erori izanagatik sortu zen ekaitzarekin bat eginez.

Hala ere, Deutsche Bankek %9 gehiago irabazi du lehen hiruhilekoan, 1.158 milioi euro; denbora askoan bankuak izan duen urte hasierarik onena izan da, finantza erakunde buruek azpimarratu dutenez. Nolanahi ere, kostuak aurrezteko neurriak iragarri ditu — kaleratzeak barne —, eta aktibo arriskutsuenak saltzeko asmoa agertu du.

Oro har, Europako bankuek hobeto eutsi diote martxoan burtsetan zabaldu zen beldurrari, neurri handi batean, Europako Banku Zentralak ezartzen dizkien likidezia eta kapital eskakizunak handiagoak direlako.

Europan, galerarik handienetako bat Espainiako Banco Sabadellek izan du: lehen hiruhilekoan, haren akzioak %23,5 jaitsi dira. Bankuaren emaitzei dagokionez, 205 milioi irabazi ditu martxora bitarte, %4 gutxiago; neurri handi batean, bankuen gaineko zergaren ondorioz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.