Abartzuzako (Nafarroa) hegazti haztegi bateko behargin bat hil da gaur goizean, lan istripuz. 49 urteko gizonezkoa lanean ari zen ezbeharra gertatu denean. Atzeraka zihoan kamioi batek harrapatu du, enpresatik gertu dagoen bide batean, eta bertan hil da.
SOS Nafarroa 112 larrialdi zentroak 08:26an jaso du abisua. Landa inguruko bide batean gertatu da ezbeharra, herriko elikadura enpresa batetik gertu. Haraino joan dira Lizarrako suhiltzaile talde bat, anbulantzia bat eta Foruzaingoaren patruila bat. Larrialdi zerbitzuek, baina, ezin izan dute 49 urteko gizonezkoa suspertu, eta bertan hil da.
Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten. Gertatutakoa ikertzen ari da Foruzaingoa.
Abartzuzakoa Euskal Herrian aurten erregistratutako 67. lan heriotza da. Iragan astean, mobilizazioak egin zituzten hainbat sindikatuk, aurten dagoeneko iaz urte osoan baino heriotza gehiago izan direla salatzeko.