Irati erakustazoka berria lehen aldiz kongresu gisa antolatua daukate. UMPko Max Brisson, besteak beste Miarritzeko udaleko hautetsi dena, arras pozik ageri da etxean lagun guztiak errezibitzeko aukera izateagatik. Berinazko guneari urdin itxura gehitua diote, UMP alderdi politikoaren kolorea.
Dena irri, dena gorbata edo harribitxi dirdiratsu. Erretreten erreformak sortu kexuak baino UMP alderdiaren buruzagitza nork hartuko duen gehiago interesatzen zaie.
Alderdiko famatu zenbait ageri dira. Hortxe dago kanpoko txoko batean jarria, Eric Besson Frantziako Immigrazio ministroa, kalakan. Barnean, 200 bat alderdi politikotako diputatu eta senatari. Artean, UMPko diputatuen taldeko lehendakaria Jean-François Cope, diputatua eta UMPko idazkari nagusia Xavier Bertrand. Ondoan, prentsagunea. Gutxienez 50 bat berriketari daude hor, Paristik jaitsiak.
Goizean seguritateaz eztabaidatu, eta arratsaldean Garapenaren konkistara izenburuko tailerra izan dute. Horretarako, bideo konferentziaz lotu Michel Barnier Europako Barne Merkatuko komisarioa eta UMPko kontseilaria daukate zuzenean eztabaidatzeko prest. Lagunen arteko giroa. Eztabaidan, baina, denek beren izen ttipitik deitzen dute elkar, dela Jacques, Philippe edo Michel. Guztiak Berinazko gotorlekuan babestuak, Parisi begira. Parisko hegaldiak errezibitzen dituen aireportutik 300 bat metrotara dago erakustazoka.
Aireportura heltzeko itzulgunea hautatu du, preseski, erretreten erreformaren aurka dagoen Euskal Herriko Erretreta Kolektiboak bertan biltzeko. Erreforma bozkatzen dutenetatik ahal bezain hurbil izan nahi dute, oihuak zuzenean entzuteko gisan. Alabaina, urriaren 5ean hastekoa dute erreformaren azterketa senatariek.
200 bat elkartu dira orotara. Azpimarratzekoa da, agian, hainbat ezkerreko alderdi eta elkarte biltzen dituen kolektibo horren ekimenera hurbiltzeko deirik ez dutela egin sindikatuek, LABek eta FSUk salbu. Baionan manifestatzea erantzun egokiena dela deritzote besteek.
Elkarretaratzeari dagokionez, erretreta 60 urtetan hartzearen ezinbestekotasunaz gain, «lana gazteentzat eta atsedena zaharrentzat» oihuak entzun ahal izan dira. Entzun ala ez. Alabaina, Irati erakustazokako UMPko parlamentari eta aireportuko itzulgunearen artean 300 metro baino gehiago zulatu dira. Soinuak ez dira heldu. Bi mundu. Eta polizia tartean.
Itzulgunean kolektibokoak bildu bezain laster, poliziak bidea moztu die, bide batez, Irati erakustazokara heltzeko etorbide nagusia blokeatuz. Polizia hesi gisa antolatu da, ezkerretik eskuinera. Hori ikusirik, kolektibokoak poliziaren parean jarri dira, eta hor egon dira ordu batez, etxera sartu arte, arazorik gabe. Ekintza horretan bururaturik, mobilizazioa ez direla uztekotan azpimarratuz hustu dituzte lekuak. Heldu den aste hasieran beste bilkura bat izanen du kolektiboakikusteko nolako segida eman desadostasun horri.
Berinazko gotorlekua elkor
UMP alderdi politikoko parlamentariak bilduak daudela Miarritzen, erretreten erreformaren aurkakoen kolektibokoak beren ezadostasuna oihukatzera etorri zaizkie, baina Poliziak urrun atxiki ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu