Beroa ez da kalean bakarrik nabaritu. Prezioen termometroak ere gora egin du uztailean: inflazioa %3,7koa izan da Hego Euskal Herrian, ekainean baino 0,54 puntu gehiagokoa. Igoeraren atzean argindarraren eta erregaien garestitzea dago batez ere, baina azpiko inflazioa ere, hau da, energia eta landu gabeko jakiak kontuan hartzen ez dituena igo egin da, %3ra, zerbitzuen garestitzeagatik.
Dena den, energia da oraindik ere hilabeteko igoeraren eragile nagusia. Etxebizitzarekin, urarekin, argindarrarekin eta erregaiekin lotutako prezioak %8,3Â garestiago daude iazko uztailean baino. Erregaiei erreparatuta, garestitzea are handiagoa izan da: %10,4koa.
Argindarrari dagokionez, uztaileko beroak eragin zuzena izan du igoeran. Eskariak nabarmen egin du gora, bereziki aire girotuaren erabileragatik. Erregaien kasuan, berriz, nazioarteko merkatuen bilakaerak izan du zeresana.
Irango gatazkak eta, bereziki, Ormuzko pasabideko blokeoak arazoak eragin ditu petrolio horniduran. Ekainaren erdialdean AEBek eta Iranek iragarri bazuten ere su etena egingo zutela, gatazkak eta itsasarteko trafikoaren gorabeherek eragina izan dute petrolio horniduran, eta horrek garestitu ditu prezioak.
Horri beste faktore bat gehitu behar zaio: BEZaren igoera. Ekainaren amaieran bukatu zen elektrizitatearen eta erregaien gaineko BEZaren behin-behineko %10eko tasa, eta uztailaren 1ean %21era itzuli zen.
GASOLIOAK ZERGA MURRIZKETA HANDIAGOA IZANGO DU IRAILEAN
Uztailean, gasolioaren prezioa %15,7 garestitu da batez beste Espainian, eta, igoera horren harira, aktibatu egingo da Espainiako Gobernuak ezarritako babes neurria. Irailean, hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren 20 zentimoko jaitsiera aplikatuko zaio gasolio litro bakoitzari, aurreikusi baino hamabost zentimo gehiagokoa.Â
Uztailean onartutako dekretuaren arabera, erregaien prezioa %15etik gora garestituz gero zerga jaitsiera handitu egingo da. Ez da gauza bera gertatuko gasolinarekin. Haren prezioa %7,3 igo baita uztailean, eta, beraz, irailean bost zentimoko murrizketari eutsiko zaio. Beste horrenbeste gertatuko da elektrizitatearen prezioarekin, %8,4 garestitu baita, eta gas naturalaren prezioarekin ere bai, %4,1 egin baitu gora.Â
Espainiako Gobernuak BEZaren beherapenak kendu zituen uztail hasieran, baina hidrokarburoen gaineko zerga bereziarena onartu zuen, prezioak garestituz gero berriro handitzeko aukera ematen duen klausula batekin.
Zerbitzuak garestiago
Energiaren garestitzeak, beraz, lotura zuzena du uztaileko KPIaren azelerazioarekin. Baina ez da arrazoi bakarra. Azpiko inflazioa %3,02ra iritsi da uztailean, ekainean baino 0,33 puntu gorago. Urte hasieratik gorabeherak izan baditu ere, uztailean %3tik gora jarri da berriro adierazle hori.
Azpiko inflazioaren bilakaera ulertzeko, zerbitzuen prezioei erreparatu behar zaie. Oro har, %3,8 garestiago daude iazko uztailean baino, eta, zenbait multzotan, batezbesteko horren gainetik: aseguruen prezioek %6,2 egin dute gora, hotelenak %5,2, eta pertsonen garraioarenak %3,2.
Zerbitzuen bilakaerak garrantzi berezia du, prezio horiek ez baitaude horren lotuta petrolioaren eta elektrizitatearen merkatuen gorabeherekin. Gainera, energiaren prezioak aldatzen direnean, KPIa azkar mugitzen da, eta gauza bera gertatzen da behera egiten dutenean. Zerbitzuen prezioek gora egiten dutenean, berriz, inflazioaren joera iraunkorragoa izaten da, nekez egiten baitute berriro behera.
Horregatik erreparatzen dio Europako Banku Zentralak azpiko inflazioari interes tasak zehazteko orduan. EBZren helburua da inflazioa %2 inguruan egonkortzea epe ertainera, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du azpiko inflazioari eustea.
Elikagaiak ere bai
Energiaren eta zerbitzuen garestitzeak eragin zuzena du erosketa saskiaren prezioan. Oro har, jakiak %3,2Â garestiago daude iazko uztailean baino. Hala ere, alde handiak daude produktu batetik bestera. Arrain freskoa eta izoztua %10,3Â garestitu dira, behikia %9,5Â eta arrautzak %9. Ardikia ere %5,7Â garestiago dago, eta beste haragi batzuk %4,3 garestiago.
Alabaina, badira merkeago dauden produktuak ere. Olioak eta koipeak %0,3 merkatu dira urtebetean, hainbat hilabetez inoizko garestien egon ondoren. Fruta freskoen prezioak, berriz, ia bere horretan eutsi dio, %0,1 igo da eta.
Hilabeteko bilakaeran ere alde handiak izan dira produktu batetik bestera. Uztailean, fruta freskoa %2,8Â merkatu da, olioak eta koipeak %1,9 eta lekale eta barazki freskoak %1,7. Patatak ere %1Â merkatu dira. Beste aldean, ardikia %1,6Â garestitu da;Â kafea, kakaoa eta infusioak %1,5;Â txerrikia %1,2, eta kontserbako frutak eta fruitu lehorrak %1.