Berrikuntzaren Itsasargiak aurkeztu ditu Jaurlaritzak, ahaleginak egungo trantsizioetara lerrokatzeko

Bederatzi 'itsasargi' zehaztu ditu Jaurlaritzak, Berrikuntza Funtsaren lehentasunak eta apustuak argitzeko. Gizartean eta ekonomian eragina izango duten ezagutza aurrerako proiektuak bultzatuko dituzte.

Imanol Pradales Eusko jaurlaritzako lehendakaria, Berrikuntzaren Itsasargiak tresnaren aurkezpenean, gaur, Getxon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Pradales Eusko jaurlaritzako lehendakaria, Berrikuntzaren Itsasargiak tresnaren aurkezpenean, gaur, Getxon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irune Lasa.
2025eko urriaren 31
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezagutza aurreratua sortu eta inpaktu sozioekonomikoa izango duten dimentsio handiko berrikuntza proiektuak. Helburu handinahi horiek ditu Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztutako Berrikuntzaren Itsasargiak tresna berria. Haren asmo nagusia da Jaurlaritzaren berrikuntza funtsa gaur egun euskal gizarteak dituen hiru trantsizio handietara bideratzea eta haiek dakartzaten erronka eta arazoetara.

Hasiera batean funts bakar gisa funtzionatzen zuen berrikuntza funtsak, baina, denborarekin, haren kudeaketa banatu egin zen Jaurlaritzako sailen artean. Orain, asmoa da, nahiz eta funtsetako diruak sailetan jarraitu, politikak eta proiektuak helburu bateratu batzuetara lerrokatzea; «itsasargi» deitu dituenetara, hain zuzen.

Bateratze eta lerrokatze horretan gidari Juan Ignacio Perez Iglesiasen Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila izango da. Berrikuntzaren Itsasargiak «paradigma bateratzailea» izateko bokazioa duela azaldu du Perez Iglesiasek. Haren eginkizun izango da proiektuak itsasargiekin lerrokatzen diren ala ez erabakitzea.

Getxoko portuan egin dute agerraldia, eta, sailburuak bertan azaldu duenez, berrikuntza funtsaren laguntza zuzenek babestutako proiektuek «singularrak» izan beharko dute, eta dimentsio jakin batekoak: neurri handikoak «bai giza baliabideei eta bai baliabide ekonomikoei dagokienez». Perez Iglesiasek azaldu duenez, milioi erdi eta milioi bat eurotik gorakoak.

«Gaur argi luzeak piztuko ditugu berriro, eta gure ahaleginak itsasargietan zentratuko ditugu, nora iritsi nahi dugun ikusteko»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Berrikuntza funtsa banatzeko orduan, garrantzi berezia emango zaie diziplina artekotasuna jorratzen duten proiektuei, akademiak, enpresak eta zentro teknologikoak elkarlanean arituta sortzen baita goi mailako ezagutza. «Ikasi dugu horrek zer-nolako garrantzia duen», esan du Zientzia sailburuak. «Erreferentzia soilik ez, inspirazio iturri ere izatea nahi dugu».

Trantsizioak

Hiru dira gizarteak bizi dituen trantsizioak gaur egun: trantsizio digitala, energia eta ingurumen trantsizioa, eta trantsizio demografikoa — azken hori osasungintzari erabat lotua dago—. Erronka horiei aurre egin eta probetxu ateratzeko, eta Perez Iglesiasen arabera «hemen ditugun ahalmenak kontuan izanda», trantsizio bakoitzari lotuta hiruna itsasargi zehaztu dira. beraz, guztira bederatzi itsasargi izango dira, eta horiei lotutako ikerketa, enpresa proiektu eta abarrak lagunduko ditu berrikuntza funtsak.

(ID_17619168499265) itsasargiak2
Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Zientzia sailburua, Berrikuntzaren Itsasargiak tresnaren aurkezpenean, gaur, Getxon. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA

Apustu egitea aipatu du Imanol Pradales lehendakariak. «Aukeratzen eta arriskatzen ari gara. Onak garen horretan, indartsu jartzen. Euskadirentzako arlo estrategikoak fokalizatzen», azaldu du Pradalesek. «Gaur argi luzeak piztuko ditugu berriro, eta gure ahaleginak itsasargietan zentratuko ditugu, nora iritsi nahi dugun ikusteko», nabarmendu du.

Mikel Jauregi Industria sailburuak itsasargien irudia ekarri du gogora. «Itsasargiak norabidea markatzen du ilun dagoenean eta baita ekaitza dagoenean ere, eta ikusita mundua nola dagoen, ezinbestekoa ikusi dugu itsasargiak piztea. Eta piztu ditugu ere urrunagorako, luzarorako bideak argitzeko».

Berrikuntza funtsak 81 milioi euro izango ditu 2026rako, baina aurreikusten da urtero %6 inguru handitzea, 103 milioi euro inguru izateko 2030. urterako

Industria sailburuaren ustez, «abangoardiako ezagutza, ezagutza aurreratua, ezinbestekoa da sektorearentzat, bai egungo industriak aurrean jarraitu ahal izateko, baina baita txinparta izateko ere, sektore eta enpresa berriak sortzeko».

Funtsa

Berrikuntza funtsak 81 milioi euro izango ditu 2026rako, baina aurreikusten da urtero %6 inguru handitzea, 103 milioi euro inguru izateko 2030 urterako. Gobernuko sail bakoitzari eskatuko zaio 2026. urtean gutxienez Berrikuntza Funtsetik dagozkien diruen herenak emateko; beste gutxieneko %30 bat 2027ko ekitaldirako litzateke, eta %100era arterainokoa 2028rako.

Berrikuntzaren Itsasargiak tresna Jaurlaritzak aurkeztutako hirugarren tresna handia da. Lehendabizi gobernuak Industria Plana aurkeztu zuen, eta orain gutxi finantzen arloko apustuetarako ildoak zehazten dituen Eraldatuz programa. Berrikuntzaren Itsasargiak zehaztu ostean, orain Jaurlaritzak Zientzia eta Teknologia Planaren birmoldaketa bat egiteko asmoa du.

Hiru erronka, hiruna itsasargi

  • Trantsizio digital eta teknologikoaren erronka. Adimen artifiziala, teknologia kuantikoak eta zibersegurtasuna. 
  • Energiako eta ingurumeneko trantsizioa. Deskarbonizazioa, osasun bakarra, eta elikadura jasangarria eta osasungarria.
  • Erronka demografikoa eta osasungintza. Osasun pertsonalizatua eta zehatza, osasunaren baldintzatzaile sozialak, eta demografia eta erronka soziosanitarioa. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.