Gutxi iraun du martxoko datuak emandako itxaropenak. Duela hilabete, Eustatek zabaldu zuen otsailetik martxora handitu egin zela industriaren jarduera, eta urte arteko tasaren jaitsiera ia guztiz geratu zela. Apirileko datuek, hala ere, ez dute baikor izateko aukera handirik ematen. Horien arabera, martxotik apirilera %4 jaitsi da industriaren ekoizpena, %3,7 urtaroen eragina zuzenduz gero. Iazko apiriletik aurtengorako jaitsiera ere antzekoa da, %3,9koa. Araban gehiago jaitsi da indizea azken hilean zein azken urtean.
Ondasunen helburu ekonomikoen arabera sailkatuta jaitsi egin da produkzioa arlo guztietan: %5,5 kontsumo ondasunak, %5,6 ekipo ondasunak, %2,1 bitarteko ondasunak eta %4,7 energiak. Baina ekoitzitako materialaren izaerari erreparatuz gero, bada alde esanguratsurik. Esaterako, apirileko jaitsiera batez ere garraio materialetan (-%18,2), energian (-13,6) eta zurgintzan eta papergintzan (-%5,5) bildu da. Makineria eta tresneriaren ekoizpena %7,1 hazi da, eta tasa positiboak izan dituzte produktu metalikoek (%0,1) eta elikagaiek eta edariek ere (%0,3).