Beste 11 gaixotasun gehituko dituzte lan desgaitasunen zerrendan

%45eko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek 56 urtera aurreratu ahal izango dute erretiroa, pentsioa murriztu gabe.

Tuterako Sofia Erregina ospitalea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Tuterako Sofia Erregina ospitalea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 26a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gizarte Segurantzak laneko desgaitasunen zerrenda zabalduko du, eta beste 11 gaixotasun gehituko ditu. Horren ondorioz, eritasun horiengatik %45eko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua dutenek 56 urterekin hartu ahal izango dute erretiroa, pentsioaren zenbatekoa murriztu gabe. Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak jakinarazi du erabakia. 1851/2009 Errege Dekretua moldatuko dute.

Zerrendara gehitu dituzten gaitzak honako hauek dira: arantza bifidoa, transtiretina aldaerak eragindako amiloidosia, Parkinsonen gaitza, 1 motako distrofia miotonikoa (Steinerten gaitza), Huntingtonen gaitza, 5. graduko giltzurrunetako gaitz kronikoa, esklerosi sistemikoa, bizkarrezur muineko lesioa, endekapen kortikobasala, atrofia multisistemikoa eta paralisi supranuklear progresiboa.

Gaixotasun horietako bat dutenek erretiroa aurreratu ahal izango dute, baina, horretarako, gutxienez hamabost urte kotizatuta eduki beharko dituzte, eta horietatik bost urtez, gutxienez, %45eko edo hortik gorako desgaitasuna eragin dien gaixotasuna izan dutela frogatu beharko dute. Eta haien pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, erretiro adina aurreratzeagatik dagokien epea kotizatutako denboratzat hartuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.