Zierbenan, Bilboko portuan, zortziehun langiletik gora ditu Haizea Bilbao lantegiak haize errotentzako egitura metalikoak fabrikatu eta muntatzen. Eta, azken hilabetean, behargin horiek greba egin dute sei egunetan, eta gaur manifestazioa Bilbon, salatzeko enpresak segurtasun neurriak bete gabe jarraitzen duela, «lan ikuskaritzak gabeziak daudela salatu arren».
ELA sindikatuak azaldu duenez, «ikuskaritzak berak txostenetan aitortu du enpresak ez dituena behar beste neurri hartzen segurtasuna bermatzeko». Sindikatuaren arabera, ikuskaritzak arrisku larriak ikusi ditu makina kurbatzaileetan eta granailatzeko, pintatzeko eta metalizatzeko kabinetan. «Haietan lan egiten duten langileak hauts metalikoaren eta substantzia toxikoen eraginpean daude».
2024. urtean makina kurbatzaile batean oso istripu larria gertatu zela gogoratu du ELAk, eta langile bat hiltzeko zorian izan zela. «Hala ere, oraindik ez dira aplikatu fabrikatzailearen protokoloak».
Egoera ez dela konpondu ikusita, langileak sei greba egun gehiagora deitu dituzte, urtarrilaren 14, 15, 21, 22, 28 eta 29rako.