'Beti Aingeru' arrantzontziko «lan esplotazioa eta arrazismoa» juridikoki salatzea aztertzen ari da LAB

Arrantzaleek eta LABeko ordezkariek esan dute langileek ez zutela matxinadarik egin, beren «eskubideak aldarrikatu» baizik. Marinelek ez dute kaleratze agiririk jaso, eta iraileko soldata jaso gabe daukate.

'Beti Aingeru'-ko arrantzaleak, gaur, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
'Beti Aingeru'-ko arrantzaleak, gaur, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 10a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez zen matxinada izan, baizik eta arrantzaleek euren eskubideak aldarrikatzeko ekintza legitimoa». Horrela azaldu du Bittor Peso LABeko zerbitzu pribatuetako arduradunak Beti Aingeru itsasontzian irailaren amaieran gertatutakoa. Ontzi horretako hamar arrantzale inguruan zituela, sindikatu horrek arrantza sektoreko «lan esplotazioa eta arrazismoa» salatu ditu, eta ez du baztertu itsasontziko armadorearen aurkako salaketa bat jartzea.

Getariako portua (Gipuzkoa) aukeratu du LABek egoera azaltzeko, ofizialki Pasaiakoa izan arren, kai horretan baitago Beti Aingeru arrantzontzia. Laneko esplotazioari eta arrazismoari ez. Ez arrantzan, ez inon! idatzita zuen pankarta bat jarri dute, eta ontzi horretako marinelek mezu hori bera zuten kartelak erakutsi dituzte. Itsasontzi horretan 37 egun eman zituzten, hegaluzeak arrantzatzen, eta, etxean bi eguneko atsedena egin ondoren, beste 26 egun egin zituzten uretan, irailaren 27an egoerak eztanda egin zuen arte, Asturiasko (Espainia) itsasoan.

Egun horretan, armadoreak abisu eman zion Guardia Zibilari, esanez hamalau arrantzaleko eskifaiatik hamabi matxinatu egin zirela. Guardia Zibilak Gijongo portura eraman zuen ontzia, eta armadoreak salaketa jarri zien hiru arrantzaleri; horietako biri, mehatxuengatik, eta besteari, mehatxuengatik eta erasoengatik.

«Patroi bat ezin da Joaquin bezalakoa izan. Haserretzen denean gauzak puskatzen ditu; egun batean zaborra bota zigun gainera, heriotza mehatxuak egin zizkigun, gasa moztu zigun kozinatu ez genezan… Eta zer nahi du gainera, guk lanean jarraitzea?» 

MALICK SENE 'Beti Aingeru'-ko arrantzalea

Arrantzaleek, aldiz, beren bertsioa eman zuten orduan, eta adierazi zuten ez zela matxinada izan, «eskubideen aldarrikapena» baizik. Azaldu zuten lan egiteari utzi ziotela patroiak «heriotza mehatxuak» egin zizkielako eta «hainbat objektu» bota zizkielako. Gaurko agerraldian ere ekarri ditu horiek gogora Malick Senek, Beti Aingeru-ko arrantzaleak: «Patroi bat ezin da Joaquin bezalakoa izan. Sumintzen denean gauzak puskatzen ditu; egun batean zaborra bota zigun gainera, heriotza mehatxuak egin zizkigun, gasa moztu zigun kozinatu ez genezan, bonbonak itsasora bota… Eta zer nahi du gainera, guk lanean jarraitzea? Lan egiteari utzi genion, baina hark kontatu du matxinada abiatu genuela eta mehatxu egin geniola itsasora botako genuela; hori gezurra da».

(ID_15405187) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-10-10, Getaria. Beti Aingeru arrantzontziko tripulatzaileen agerraldia, ustezko matxinadaren...
Arrantzaleak eta LABeko ordezkariak pankarta erakusten, atzean 'Beti Aingeru' arrantzontzia dutela. GORKA RUBIO / FOKU

Agerraldian adierazi dute oraindik ez zaila iritsi itsasontziko jabeak jarritako salaketekin lotutako ezer. Esplikatu dutenez, gertakariaren egunean arrantzale guztiak Gijongo Guardia Zibilaren kuartelera joan ziren deklaratzera, batzuk inputatu posible gisa, eta gainontzekoak lekuko gisa, eta behin-behinean atxilotu zuten arrantzale bat libre geratu zen orduan.

LABen esku hartzea

Arrantzaleek LAB sindikatura jo zuten egoeraren berri emateko. Sindikatuak azaldu du ordutik armadorearekin harremanetan jartzen saiatu direla, bai sindikatua bai arrantzaleak, baina ez diela telefonoa hartu. Nabarmendu dute langileek ez dutela inolako kaleratzeren berri jaso, ezta beste inolako komunikaziorik ere, eta bi aste egon direla kofradian eta federazioan informazio eske, ezer lortu gabe.

«Urriaren 8ra arte egon da nagusia langileei Gizarte Segurantzan baja eman gabe, eta orain, kanpaina amaierarengatik eman die baja, ezer pasatu izan ez balitz moduan. Guk argi dugu bere zerbitzu juridikoek emandako aholkuengatik egin duela hori, badakitelako egin duena ez dagoela ondo. Ziurrenik ez du bere burua gai ikusten salatutakoa frogatzeko», esan du Pesok. 

Langileak «linbo moduko batean» egon dira. «Bi aste egon dira beste arrantzontzi batean lan egin ezinda, langabezia saria kobratu ezinda, eta jakin gabe haien egoera zein izango zen», salatu du LABeko ordezkariak. «Oraindik ez dute iraileko nomina jaso».

«Hamalauak zuriak izango balira, segur aski beste gauza bat gertatuko zatekeen. Beste era batera landuko zuen gaia jabeak, baita komunikabideek eta gainontzeko aldeek ere»

TXEFI ROCO LABeko antirrazismo arduraduna

Aurrerantzean dituen «aukera guztiak» aztertuko dituela esan du Pesok: «Salaketa horiek penalak dira; gu sindikatu bat gara, eta laneko arloa eramaten dugu. Guk argudiatu beharko genuke langileak ez dituztela gaur kaleratu, irailaren 27an kaleratu zituztela, Guardia Zibilak barkutik ateratzeko agindu zienean. Norbait enpresatik aterarazten badute, kaleratzetzat jotzen dugu guk hori. Garaiz gabiltza, eta froga guztiak ditugunean aztertuko dugu zer egin».

Hitzarmenik ez dago

Beti Aingeru-ko gertakariak gorabehera, LABek uste du arrantza sektore osoan direla kaskarrak lan baldintzak. «Patronalari mesede egiten dioten egiturazko baldintzak daude, langile horiek esplotatzen dituztenak. Enpresei ez zaie interesatzen arrantzaleek beren eskubideak ezagutzea eta sindikatuetan antolatzea eskubide horiek defendatzeko», dio LABek. Sektoreak ez du hitzarmen propiorik, eta baldintzak arautu gabe egotea dakar horrek. Beraz, «arrantzaleen eskubideak errespetatzea» eskatu du LABek, eta administrazio publikoei eskatu die «eskubide horiek kontrolatzeko» eta «eskubide horiek urratzen dituzten armadoreak zigortzeko».

Gatazka «langileen ezaugarriengatik» gertatu dela ziurtatu du Txefi Roco LABeko antirrazismo arduraduna. «Hamalauak zuriak izango balira, segur aski beste gauza bat gertatuko zatekeen. Beste era batera landuko zuen gaia jabeak, baita komunikabideek eta gainontzeko aldeek ere. Baldintzak hobetu behar ditugu, eta egoera honek zeresana izango du horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.