Enpresak

Bezeroak irabazten dituela eta dirua galtzen duela sartuko da Euskaltel Masmovilen

Kablea ordezkatzeak 5,5 milioi euroren galerak ekarri dizkio urteko lehen erdian Euskalteli. Ostiralean amaituko da Masmovilen eskaintza onartzeko epea.

Euskaltelen egoitza nagusia, Derion. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 27a
20:45
Entzun

Euskaltelek zenbaki gazi-gozoekin esango dio agur enpresa independente gisa egin duen 25 urteko ibilbideari. Diru sarreretan (+%1,5) eta bezeroetan gora doan konpainia bat hartuko du haren jabe berriak, Masmovilek, baina aurten behintzat ez dio mozkin handirik emango: urtarriletik ekainera 5,5 milioi euro galdu ditu, bere sarea zuntz optiko moderno batekin (FTTH) ordezkatzen hasi delako. Jada 340.000 etxetara doan kablea aldatu du, eta horretan arituko da ondoko urteetan ere, hasierako teknologia zaharkitua geratu zaiolako. Gastu hori gabe, urteko lehen erdian 13,4 milioi euroren irabazia izango zukeela ziurtatu du Derioko telekomunikazio enpresak.

Aste erabakigarria da honako hau Euskaltelentzat: ostiralean amaituko da epea haren akziodunek Masmovilen erosteko eskaintza onartzeko. Ez dago zalantzarik erosketak aurrera egingo duenik, Espainiako telekomunikazio enpresaren eskaintza onartu baitute Euskalteleko hiru akziodun nagusiek: Zegona funtsak, Kutxabankek eta Alba korporazioak. Hiruen artean akzioen %52,3 dituzte. Masmovilek gutxienez %75 erosi nahi dituela azaldu izan du, eta, horretarako, prezio erakargarria pagatuko du: 11 euro. Hasiera batean 11,7 euro ziren, baina jaitsi egin zuen gero, akziodunek beren buruari emandako saria deskontatuz. Martxoaren amaieran, eskaintza egin zuenean, 9,5 euroan salerosten zen Euskaltelen akzioa. 2015eko uztailean hasi zen kotizatzen, eta, oso gutxitan gainditu duenez 11 euroen muga, akzioa burtsan erosi duten gehienek negozioa egingo dute akzioak Masmovilen esku utzita.

Enpresa 1995ean sortu zen, baina 1996an jaso zuen operatzeko baimena Euskaltelek, EAJk Jose Maria Aznarren PPko lehendakarigaiaren inbestidura ahalbidetzeko egindako itun baten ondoren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik aritzen zen konpainia txiki bat zen hasieran, batez ere diru publikoarekin finantzatuta, eta Nafarroara eta inguruko eremuetara ere hedatuta dagoen konpainia guztiz pribatu bat bihurtu da.
Azken urteetan, Zegona Erresuma Batuko inbertsio funtsak kontrolatu du, eta lortu du bere helburua: konpainia handiagoa eta errentagarriagoa egitea, bere partaidetza mozkinekin saldu ahal izateko.

Virgin Telcoren geroa

2021eko lehen erdia 863.000 bezerorekin amaitu du Euskaltelek, horietatik 80.000 azken urtean lortutakoak. Bezero horietako gehienak Espainia erdialdean eta hegoaldean hedatzeko asmoz sortutako Virgin Telco markaren bidez bereganatu ditu Euskaltelek —122.000 ditu—, eta horrekin konpentsatu ditu bere eremu naturalean izandako galera batzuk.

Virgin Telco markaren arrakasta nabarmendu du Euskaltelek, baina ikusteko dago luzaroan iraungo ote duen. Izan ere, Masmovilek bost urterako konpromiso bat du Euskaltel markari eusteko Hego Euskal Herrian, R markari Galizian eta Telecableri Asturiasen, baina Virgin Telcorekin zer egingo duen ez du argitu Meinrad Spenger buruzagiak.

Jarraitu egingo du, ordea, Euskaltelekin Euskal Herrian lehiatzeko Masmovilek Dominionekin batera sortutako Guuk markak, Juanan Goñi haren kontseilari ordezkariak joan den asteburuan Berria-n ziurtatu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.