PERTSONAIA. Rodrigo Rato

Bi inputazio eta atxiloketa bat, oraingoz

Iker Aranburu.
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Infernu pertsonalaren bidean, hiruzpalau maila erreskadan jaitsi zituen atzo Rodrigo Ratok. Jose Maria Aznarren hitzetan, «demokrazia garaiko Espainiako Ekonomia ministro onena» zena atxilotu egin zuten atzo. Poliziak haren Madrilgo etxe bat arakatu zuen lehenik, eta bulego bat gero, fiskaltzak leporatzen dizkion hiru delituen zantzuak bilatzeko — iruzurra, ondasunen ostentzea eta diru zuriketa—. Fiskalak uste duenez, Ratok 2012ko amnistia fiskalaren bitartez garbitu zuen diruaren zati bat legez kanpo lortutakoa zen.

Ez da Ratok justiziarekin duen arazo bakarra. Auzitegi Nazionala ikertzen ari da ea Ratok lau delitu egin ote zituen Bankia burtsaratu zuenean, 2011n, banku horretako presidente zela. Funtsean, jakin nahi dute Ratok Bankiaren finantza egoera faltsutu ote zuen inbertsio erakargarritzat jotzeko. Ehunka mila lagunek aurrezkia galdu zuten operazio horretan, burtsaratu eta hilabete gutxira Bankiak porrot egin baitzuen; Espainiak 40.000 milioiren erreskatea jaso zuen Europatik Bankiaren eta beste banku batzuen zuloa estaltzeko.

Bankiaren black txartelen auzian, berriz, bermepean aske dago Rato 2014ko azaroaz geroztik. Bankuaren kontura milaka euro apeta pertsonaletarako gastatu eta horren berri ogasunari ez ematea egozten diete ministro ohiari eta beste batzuei.

Ekonomia Ministro gisa, Espainiaren etxegintzaren burbuila sustatzea egozten zaio Ratori; Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari gisa, berriz, azken mende erdiko finantza krisirik handiena gainera zetorrela ez ikusi izana leporatu zion Ratori erakunde horretako barne txosten batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.