Krisia eurogunean. Frantzia

Bi urtean 40.000 milioi aurkitu beharko ditu Frantziako Gobernuak

Kontu Auzitegiaren arabera, Parisek oso zaila du kontuak orekatzea BEZa igo gabe eta funtzionarioei soldatak izoztu gabeEnpresen eta aberatsen gaineko zergak igoko ditu bihar gobernu sozialistak

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Bere agintaldiaren hasiera Italiaren eta Espainiaren salbatzaile gisa azaltzeari dedikatu ondoren, etxe barruko arazoei heltzeko ordua iritsi zaio François Hollande Frantziako presidenteari. Arazoa beste bi herrialde horienaren antzekoa da: bere kutxetan sartzen den baino diru gehiago gastatzen du Frantziako Estatuak ere. 2017. urterako defizita ezabatu nahi badu, 100.000 milioi euro topatu beharko ditu, horietatik ia erdia aurten eta 2013an.

Hollanderen lehen ministroak, Jean Marc Ayraultek, gaur azaldu behar dio Frantziako Asanblea Nazionalari zein ildo izango dituen defizita gutxitzeko politikak eta, aldi berean, nola eman nahi dion bultzada lehiakortasun galera garbia duen ekonomia bati.

Bihar, berriz, epe motzeko lanari ekingo dio Parisko gobernuak: 2012ko aurrekontu legea moldatuko du, eta horretan zehaztuko du nola egingo duen aurten defizita barne produktu gordinaren %4,4an uzteko. Gutxienez 6.000 milioi eta gehienez 10.000 milioi izango dira, Frantziako Kontu Auzitegiak atzo zehaztu zuenez. Horietatik 1.200 eta 2.000 milioi artean dagozkie bere azken hilabeteotan eskuineko gobernuak aurrekontuetan egindako desbideratzeei. Lana are gaitzagoa izango da 2013an, defizita %3tik behera utzi ahal izateko 33.000 milioi aurkitu behar dituelako. Gehiago, baldin eta gobernuak espero duen %1eko hazkundea iristen ez bada.

Kopuru horietara iritsi ahal izateko zenbait zerga «aldi baterako behintzat» igo beharko direla uste du Kontu Auzitegiak. Bi aipatu ditu: BEZa eta CSGa. Aurreko gobernu eskuindarrak erabaki zuen balio erantsiaren zerga %19,6tik %21,2ra igotzea udazkenean, eta horrekin lor zezakeen dirua baliatu nahi zuen enpresek langile bakoitzeko pagatzen dituzten Gizarte Segurantzaren kontribuzioak jaisteko.

Neurri hori bertan behera utziko zutela agindu zuten sozialistek hauteskunde kanpainan, eta baliteke biharko bileran egitea. Horrekin batera, zerga politikan «justizia» handitzeko zenbait neurri hartuko dituela iragarri du Parisek. Funtsean, enpresei eta aberatsenei zergak igoko dizkiela, klase ertainak edo baxuak «ukitu» gabe. Besteak beste, bertan behera utziko dute iaz Aberastasunaren Gaineko Zerga (ISF) arindu zuen erreforma, enpresek banatzen dituzten dibidenduei %3ko zerga ezarriko zaie, bankuei eta petrolio enpresei tasa aldi baterako tasa berezia jarriko diete, eta ondorengotza eta donazio zergak gogortuko dituzte. Gainera, azkenaldian ez bezalaxe, enpresek eginarazten dituzten aparteko lanorduak zergapetuko dituzte.

Hezkuntza, salbuetsita

Baina zerga horien igoera ez da nahikoa izango Frantziako kutxa publikoek duten zuloa estaltzeko. Kontu Auzitegiari kasu egin eta BEZa edo CSGa aldi baterako igota ere gastu publikoa jaitsi beharko du gobernu sozialistak. Hala izango dela onartu zuen Hollandek berak hauteskunde kanpainan, baina ez zuen garbi esan nola egingo zuen. Defizita gutxitzeko eginahalaren erdia zerga bilketa handitzetik eta beste erdia gastua murriztetik etorriko zela baizik ez zuen esan.

Murrizketa horrek ez dio, teorian, hezkuntzari eragingo. Hollandek agindu du bere agintaldian 60.000 irakasle gehiago kontratatuko dituztela, Frantziak azkenaldian arlo horretan izan dituen emaitza kaskarragoak zuzentze aldera.

Biztanleriaren zahartzea dela eta, osasunean ere gehiago gastatzea saihestezina da, baina gobernua saiatuko da arlo horretan gastuaren hazkundea kontrolatzen. Mendearen hasieran urtetik urtera %7 handitzen ziren osasun gastuak, eta kopuru hori %3ra jaistea da Hollanderen asmoa. Aurrezkiaren zati bat botika generikoen errezetaren bidez lortu nahi du, tarte handia baitu alor horretan: Frantzian, errezetatzen den bost sendagaietatik bakarra da generikoa, eta bitik bat dira Erresuma Batuan, Polonian eta Kanadan. Halaber, diru publikoarekin finantzatu arren erabiltzen ez diren botikak gutxitu nahi ditu gobernuak. Finantzetako Ikuskaritza Nagusiak beste zenbait proposamen egin ditu: sendagile batzuen tarifak txikitzea, botikarien marjinak apaltzea, larrialdi zerbitzuak biltzea, anbulantzien erabilera mugatzea...

Osasuna eta hezkuntza salbuetsita daudenez, beste ministerioetako gastuek halabeharrez jaitsi beharko dute. Funtzionarioen soldaten igoera kolokan dago, eta zenbait gizarte laguntzak inflaziora automatikoki egokitzeko erabakia —familiena, etxebizitzarena...— etetea proposatu du Kontuen Auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.