Bi urtean «iraute hutsa» espero du Confebaskek

Gehiengo sindikalari «gatazka uzteko» eskatu dio, eta ELAk lehiakortasunaz esan zuena zalantzan jarri du

Ivan Santamaria.
Bilbo
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Irautea» da etorkizun hurbilera begira euskal enpresek duten erronka nagusia. Confebask patronalak bi urte «zail» espero ditu, eta lan harremanak malgutzea nahiz enpresen finantzaketa bermatzea ezinbestekotzat jo ditu atakatik ateratzeko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak aurten hazkunde apala — 1,3— izango duela kalkulatu du enpresaburuen elkarteak, eta 2012. urtean ere %2 ez duela gaindituko iragarri du. Arazoak arazo, aurten lanpostuak sortzen hasiko direla espero du, 5.000 inguru.

Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiaren irudiko, ezer ez da berdina izango krisiaren ondoren, eta egoera berri horretara egokitu beharko direla ohartarazi zien sindikatuei. «Euskal sindikalismoak eredu berritzailea behar du, lankidetza eta parte hartze handiagoekin». Gehiengo sindikalari propio eskatu zion «gatazka estrategiak uzteko».

Lehiakortasuna eta ELA

Krisiaren irtenbidea trabatzen ari diren arrazoien artean, lehiakortasun galera aipatu zuen Eduardo Aretxaga patronaleko Ekonomia eta Fiskalitate Saileko zuzendariak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arazo hori are handiagoa dela adierazi zuen, lan kostuak handiagoak direlako.

Patronalak esan zuena ELAk bezperan lan kostuei eta produktibitateari buruz emandako datuekin erabat kontrajarrita dago. Sindikatuak azpimarratu zuen EAEko produktibitatea Europako batez bestekoen gainetik dagoela eta lan kosteak azpitik. Aretxagaren arabera, datu horiek «ez dira faltsuak, baina ezta zuzenak ere». EAEko produktibitate eta lehiakortasunari buruzko datu zehatzik ez du jasotzen patronalaren txostenak, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.