Donostiako Miramon Tandem eraikinean dago BIC, Gipuzkoan ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzen dituen zentroa, eta egoitza hirigunera gerturatuko dute pixka bat. Illunbeko Sokai eraikinean ezarriko dira 2027ko lehen hiruhilekotik aurrera; hamar urteko bilakaeraren eta 460 enpresa berritzaile sortu eta finkatu ostean, enpresei espezializatzen laguntzea dute helburu.
Instalazio berriek emango diete horretarako aukera. Gaur Donostian Marisa Arriola BICeko zuzendari kudeatzaileak proiektuaren aurkezpenean adierazi duenez, «egoitza berria jauzi kualitatiboa da BIC Gipuzkoarentzat eta ekosistema osoarentzat». 5.000 metro koadroko guneak izango dituen laborategi espezializatuak, azpiegitura zientifiko partekatuak eta lankidetza eremuak aipatu ditu besteak beste, eta esan du horiei esker modua izango dutela enpresei hasiera-hasieratik eta finkatu arte laguntzeko.
Batez ere arlo jakin batzuetako enpresetan jarriko dute arreta BICen hurrengo etapan: bioteknologian, osasunean eta bizi zientzien arloko enpresetan, hain zuzen ere.
BSL-2 laborategiak, areto zuriak, hezkuntza aretoak eta biocoworking guneetarako sarbidea azpimarratu ditu Arriolak start-up-ek eta enpresa sortu berriek erakarriko dituzten baliabide estrategiko gisa.
Lankidetza publiko-pribatua dago proiektuaren atzean. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira BIC Gipuzkoaren akziodunak, baina Columbus Venture Partnersek ere parte hartuko du proiektuan, hura baita Illunbeko instalazioen jabea; Sokai Gipuzkoa Hub izena dute instalazioek. Â
Columbus Venture Partnerseko presidenteak, Javier Garcia Cogorrok, «bizitzaren zientzietan espezializatutako berrikuntza campus» gisa deskribatu du Sokai. Start-up, enpresa, teknologia zentro, unibertsitate eta inbertitzaileen arteko lankidetza bultzatzeko zentro bat izan dadila nahi dute. Cogorroren esanetan, BIC bertan kokatzeak munduko berrikuntza zentroekin konektatuta egoteko aukera emango dio Sokairi. 45.000 metro koadro ditu guztira guneak.
Hirigunetik gertu
Proiektuak Gipuzkoan eta Donostian ere izango du eragina, lekualdaketak ereduaren aldaketa ere ekarriko baitu, Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuaren esanetan. Nabarmendu duenez, BIC Donostiako hirigunera gerturatzeak esan nahi du talentuak lan egin nahi duen tokira mugituko dutela gunea. Hori da, haren ustetan, proiektuaren funtsa: «Hemen talentuak eta pertsonek agintzen dute, eta guk azpiegiturak haiengana mugitu behar ditugu, ez alderantziz».
Jon Insausti Donostiako alkateak gehitu du proiektuak sendotu egingo duela hiriak ezagutzaren eta berrikuntzaren gune gisa duen izaera. Izan ere, «gaur-gaurkoz, parke teknologiko bat gune urbanoan izatea sekulako arrakasta eta indargunea» da, are gehiago ospitalea eta Anoetako kirolgunearen ondoan egonda.