Rosa Carabel (Eroski): «Bide zaila igaro dugu, baina oso harro gaude lortutakoaz»

Bankuekin duen zorra txikitzeko hartutako erabakiak defendatu ditu Rosa Carabel Eroski taldeko zuzendari nagusiak. Eta aurreratu du espero duela 5.700 milioi euroko fakturazioarekin ixtea urtea.

Eroski
Rosa Carabel, gaur, Donostian.
aitor biain
Donostia
2023ko azaroaren 24a
15:00
Entzun

Finantza merkatuetan 500 milioi euro eskuratu ondoren, Eroski Taldeak «baikortasunez» begiratzen dio etorkizunari. Izan ere, hartzekodunei uztailean egin behar dien ordainketari aurre egiteko dirua bermatu ondoren, plan estrategikoa garatzeko eta bere finantza etorkizuna argitzeko arnasa lortu du kooperatibak, tarte baterako behintzat. Hala berretsi du Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak gaur, Deusto Business Alumni elkarteak antolatutako ekitaldian. «Bide zaila igaro dugu 2008tik gaur arte; erabaki zail asko hartu behar izan ditugu, batzuk mingarriak, baina zehaztutako bide orria betetzeko gai izan gara».

Carabel gordin mintzatu da Eroskiren finantza egoeraz; izan ere, Mondragon taldeko kooperatiba bankuekin duen 850 milioi eurotik gorako zorra kitatzeko moduaren bila dabil oraindik. Egoerak, baina, ez du zerikusirik orain hamar urtekoarekin, eta Carabelek nabarmendu du iluntasunean argi pixka bat ikusten hasia dela taldea.

Ez da gutxiagorako: 2000ko hamarkadan pilatutako zorraren hiru laurden itzultzea lortu baitu Eroskik azken urteetan: 2.514 milioi denera. Lorpen hori «arrakasta» gisa definitu du Eroskiko zuzendari nagusiak, eta uste du «eredugarria» ere izan daitekeela beste batzuentzat: «Oso harro gaude lortu dugunaz, eta kontatu egin behar dugu hori».

Carabelen hitzetan, gakoa izan da «negozioa eta ondasunen kudeaketa bereizten jakitea». Izan ere, desinbertsioen bidea baliatu du Eroskik azken urteetan diru sarrerak handitzeko: negozioaren atalak ez ezik, merkataritza gune batzuk ere saldu ditu, ondoren alokairuan hartzeko. Hain zuzen ere, Eroskik inbertsoreei berriki azaldu die prest dagoela gelditzen zaizkion jabetzen %90 salgai jartzeko, betiere bere negozio eredua arriskuan jarri gabe.

«Negozio bideragarria izan dugu beti, eta hori babesten jakin dugu», azpimarratu du Carabelek. Eta adierazi du aurrerantzean ere bide horri eutsi nahi diotela, arreta bereziki frankizietan jarrita. Seiehundik gora ditu dagoeneko. «Urtean 45-50 frankizia inguru zabaltzen ari gara, eta datu hori handitzea da asmoa». Izan ere, merkatuan egun duen presentzia areagotzea du xede Eroskik, banaketa alorreko fakturazioa ere handitu ahal izateko. Egun, kooperatibak %13,5eko merkatu kuota dauka Espainia iparraldean.

Marjinei eusten

Izan ere, Carabelek ohartarazi du negozio bolumena handitzea dela «ziurgabetasun handiko» egoera ekonomikoari aurre egiteko modu bakarra. Irabazi marjinak txikitu baititu azken bi urteetan Eroskik, «inoiz ikusi gabeko» inflazioaren eraginez. Ez alferrik, gogorarazi du 2020az geroztik %30 inguru garestitu dela erosketa saskia, eta 2024an ere elikagaiak are gehiago garestituko direla. «Banaketaz arduratzen garen guztiok egin dugu ahalegin bat, baina ezinezkoa da inflazio hori salgaietara ez eramatea».

Bada, Carabelek nabarmendu du Eroskik beste inork baino gehiago estutu dituela irabazi tarteak azken urtean, eta bide horretan jarraituko duela berretsi du. Edonola ere, adierazi du haizea aldeko izango duela, iazko datuak hobetzea espero baitu aurten: 2023. urtea 5.700 miloi euroko fakturazioarekin amaitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.