Telelanak aurrez ikusi gabeko hazkundea izan zuen pandemia garaian. Lana beti lantokian egin zuten milioila langile etxetik lan egitera behartu zituzten, eta, osasun larrialdia amaitu bada ere, enpresa askotan mantendu egin dute telelana. Bada, telelanerako tresna nagusiei bestelako erabilera bat aurkitu die enpresariek: kaleratzeen berri ematea.
Kasu batzuek sona handia izan dute; esaterako, Better AEB Amerikako Estatu Batuetako hipoteka emaileak egin zuena. Egun batetik bestera bederatziehun langile kaleratu zituen, horiek guztiak Zoom aplikazioko bideodei batean elkartuta. Handik gutxira, beste 3.000 langile bota zituzten.
Halako albiste asko AEBetatik datoz, lan araudia askoz lausoagoa baita, baina beste herrialde batzuetan ere jazo izan dira. Brasilen, esaterako, 36 langile bota zituen enpresa batek bideodei baten bidez, eta horietako batek BBCri adierazi zion kaleratzeko era «bihozgabea» izan zela: «Inork ezin zuen ezer esan, mikrofonoak blokeatuta zeudelako. Beraz, entzuten genuen guztia onartu besterik ezin genuen egin. Gardentasun eta enpatia falta izan zen».
Espainian ere kasu bat izan berri da: teknologian espezializatutako Gizmondo blogak herrialde horretako langile guztiak kaleratu ditu bideodei batekin. Aurrerantzean adimen artifizial bidez itzuli eta publikatuko dituzte beste hizkuntzetan dauden edukiak.
Bideodei bidez eginiko kaleratze «bihozgabeak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu