Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats bat egin du atzera N1 eta A15 autobien bidesarien auzian. Ez du helburua aldatu —uste du errepide horiek erabiltzen dituzten kamioiek bidesariak ordaindu behar dituztela—, baina onartu egin du aldi batez behintzat ezingo dizkiela bidesariak kobratu. Epaitegiek lehen bi foru arauak atzera bota ondoren, Eider Mendoza bozeramaileak jakinarazi du aldundiak ez duela dekretu bat onartuko hirugarren foru araua prestatu bitartean.
Horren ondorioz, Gipuzkoako Agerkari Ofizialak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia argitaratzen duen unetik, kamioiek ez dute dirurik ordaindu beharko N1 eta A15 autobideak erabiltzeagatik. Epaia irmoa da, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuelako aintzat hartu aldundiak haren aurka jarritako helegitea, baina oraindik ez da argitaratu agerkarian.
Bidesariak auzitegietan borrokatu dituenetako batek, Fenasdimer Espainiako garraiolarien patronalak, txalotu egin du Gipuzkoako Aldundiak «amore eman izana». Haren iritziz, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren aurka jarri zuen salaketak eragin du iritzi aldaketa hori. «Harrokeria sinestezina eta arduragabea» erakutsi izana aurpegiratu dio foru gobernuari.
Europara begira
Aldundiak duela hiru urte jarri zituen bidesariak errepide horietan. Orain arteko ebazpenek ez dute zehazten garraiolariei orain arteko kobratutako dirua itzuli behar ote dien ala ez. Hori argitzeko helburuarekin, auzitara jo du Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak ere. Fenadismerren arabera, itzuli beharrekoa hamabost milioi euro inguru izango lirateke.
EAEko Justizia Auzitegiak aurrena eta Espainiako Auzitegi Gorenak ondoren, bi alditan esan diote aldundiari bidesariak legez kanpokoak direla, baina bereari eutsita erantzun die, Europako legedia alde duela sinetsita, eta hirugarren foru arau bat ere prestatzen ari da.
Beste lurraldeetan
Bide beretik jo nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak ere. Astelehen honetan jakinarazi du 2022ko udazkenean ordainpeko sistema ezarriko diela 3,5 tonatik gorako kamioiei egun dohainekoak diren hainbat errepidetan. Hogeita hamar bat kobratzeko arku jarriko ditu errepide hauetan: N-240an (Arratia gurutzatzen du), N-636an, N-637an, BI-625ean (Basauritik Arabarantz) eta A-8an, Kantabriarako bidean.
Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak azpimarratu zuen Europak eskatutako «berme juridiko guztiak» beteko dituztela, «edozein bazterketa» eragozteko.
Nafarroako Gobernuak ere kamioientzako ordainsari gehiago ezarriko ditu bost errepidetan: A-1ean, A-10ean, A-15ean, A-68an eta N-121-An. Apurka joango da, eta Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak esana du aurrenekoak «urte amaierarako» espero direla.
Araban, berriz, aldundiak ponentzia bat sortu du Batzar Nagusietan gaia aztertzeko. Errepideen mantenua nola ordaindu eta Europako legedira nola egokitu eztabaidatzen ari dira. 2026. urtean AP-68aren kontzesioa amaituko da, eta lurraldeko 55 kilometroen ardura hartuko du.