Aurreikuspen ekonomiko positiboa egin du Jose Ange Corres Bilboko Ganberako presidenteak. Positiboa, ekonomia bide onean dagoelako, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa haztea espero duelako 2019. eta 2020. urteetarako; %2,3 eta %2, hurrenez hurren. Baina ekonomia hazten arituagatik ahulguneak ere badituela nabarmendu du, eta, horregatik, ez da oso baikor azaldu gaur goizean, aurreikuspen ekonomikoaren inguruan egin duen prentsaurrekoan. Bizkaiko enpresarien konfiantza adierazlea iazkoa baino apalagoa baita.
Inkestaren arabera, Bizkaiko enpresa gehienek uste dute negozio kopurua hazi egingo dela, baina industria sektorean haziz joateko esperantza %75etik %45eraino jaitsi da. Kontrara, eraikuntzaren sektorean negozioak hobera egingo duela aurreikusten dute enpresariek. Hala ere, Corresek esan du estrategiko bihurtzen ari dela turismoaren eta zerbitzuen sektorea, eta hori bidaiarien kopuruan sumatzen dela: Loiuko aireportuko sarrerak %5,2 handitu dira, eta turistek Bizkaian egiten dituzten lo egunak, berriz, %4,9.
Bilboko Portuko sartu-irtenak, bestalde, iazko zenbatekoetan daudela zehaztu du txostenak, baina, aurten, Petronorrek geldialdi teknikoa egin du, eta enpresak portuko trafikoaren heren bat ordezkatzen du. Horregatik, Corresek esan du ikusi egin beharko dela zer bilakaera izango duen bigarren seihilekoan.