Bilboko portuaren termometroak dio sukarra bukatzen ari dela

Merkatzien garraioak %4,12 egin zuen gora 2014an.Azken bi urteetan hazkundea egon da, baina oraindik motela dela dio Asier Atutxak

Asier Atutxa Santurtzin, Bilboko Portuari begira. ALFREDO ALDAI / EFE.
xabier martin
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Euskal ekonomia lozorrotik atera dela dioten beste indikatzaileekin bat datoz Bilboko Portuak atzo ezagutarazitako datuak. Merkantzien garraioa bere onera etortzen ari da gutxika-gutxika, eta,2013an %2,25eko hazkundea izan ondoren, iaz %4,12 izan zen gorakada. Euskal ekonomiaren termometro horrek dio sukarra ez dagoela jadanik, baina gaixoa ez da osatu erabat, 2007tik 2012ra %25 jaitsi baitzen Portuak mugitzen zuen garraioa. Horri buelta ematea urteetako lana izango da,Asier Atutxa Portuko Agintaritzako presidenteak Santurtzin atzo azaldu zuen moduan.

Iaz, 30,8 milioi tona mugitu zituen Bilboko Portuak, eta aurten jarduera %3,5 haziko dela aurreikusi dute. Emaitzekin pozik daude arduradunak, baina «neurrian», hazkundea «jarraian» gertatzen ari bada ere (1,2 milioi tona gehiago 2013tik) oraindik «motela» delako. Atutxaren ustez, «susperraldi ekonomiko jarraitu baten hasieran gaude, nahiz eta motela izan».

23,6 milioiko zorra

Bilboko Portuen negozio bolumenari dagokionez, 62,5 milioi eurokoa izan zen 2014an, aurreko urtean baino zertxobait txikiagoa, eta 33 milioi pasatxoko baliabideak sortu zituen, 2012an bezala. Atutxak esan zuen 2013an eta iaz «ahalegina» egin dela gastua txikitzeko, gerrikoa estutu dutela alegia, baina horrek ez du ekidin Portuaren zorra. 23,6 milioi euro zor ditu Atutxak zuzendutako erakundeak, baina «jasangarria da». Areago, zorra handitu daitekeela ez zuen ezkutatu Atutxak, laster inbertsio handiak aurreikusi baitira. 2014an, 47,8 milioi gastatu zituzten azpiegituretan, eta, aurten, 64 milioi baino gehiago gastatuko dira, Portua zabaltzen besteak beste.

Mugitutako merkantziari dagokionez, kontainerretan ateratzen dena nabarmen igo da (6,6 milioi tona) eta isuriak ere bai, Gasaren jaitsiera handia gaindituz (-%36). Bahia de Bizkaia Gasen hirugarren biltegiak egoera horri buelta emango diola uste dute. Gasa indartuko delako esperantza dago, beraz.

Pasaiako Portua ere hizpide izan zuen Asier Atutxak, bestalde. Onartu zuen Pasaian jarriko den kontainer lerroak kalte egin diezaiokeela Bilbori, baina «obsesionatu gabe». «Pasaiako jardueraren erdia bereganatuta ere, ez ginateke haziko modu ikusgarri batean; aitzitik, herrialde gisa izugarri galduko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.