Joan den astean aurkeztu zuen erregulazio espedientea Productos Tubularesek, petrolio industriaren inbertsioaren beherakadak enpresan galera handiak ekarri dituela salatzeko. Erregulazio horren bidez, lan taldearen %40 bota nahi du (157 langile), altzairutegia itxi, eta geratuko diren langileei soldata %25 txikitu.
Espedientearen bigarren negoziazio saioa egin dute gaur Barakaldoko hotel batean, "Adar jotze bat izan da", Unai Anillo langile batzordeko kideak azaldu duenez. Haren ustez, zuzendaritza legeak behartuta azaltzen da bileretara, eta ez dio negoziazioari "edukirik" eman nahi.
Zuzendaritzaren jarrera ikusita, mobilizazioekin jarraituko dute PTko langileek. Gaur berriro elkartu dira erregulazioa negoziatzeko erabiltzen duten hotelaren aurrean, eta etzi kontzentrazioa egingo dute Tubos Reunidosen Bilboko egoitzaren aurrean. Arabako enpresa hori da PTren jabea. Ostiralean BBVA akziodunaren egoitzara eramango dute protesta, eta larunbatean Sestaotik Barakaldora manifestazioa egingo dute.
Langileak ez ezik, sindikatuetako buruzagitzak ere presio egiten ari dira PTren gatazkari irtenbide bat bilatzeko. Gaur goizean, Onda Vasca irratian, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea eskatu du. Salatu duenez, erakundeek gustuko dute enpresa eta proiektu berrien inaugurazioan present egoteko, baina "alde egiten dute gauzak okertzen direnean". PTn halakorik ez egiteko eta zuzendaritzari presio egiteko eskatu dio Jaurlaritzari.
Azken horrek, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren ahotik, bere burua eskaini zuen atzo langileen eta zuzendaritzaren artean bitartekari izateko. Tapiak ziurtatu zuen Tubos Reunidosek eta haren adar guztiek etorkizuna izan dezaketela berregituraketa plan bat adostuz gero, eta horren alde lan egiteko proimesa egin zuen. 1.700 langile ditu taldeak Euskal Herrian.