Maiatzaren Lehenaren kari, 26 manifestazio egin ditu LAB sindikatuak Euskal Herriko lurralde guztietako hiriburu eta herri nagusietan, Langileok eragin lelopean. Bilbokoa Zabalburu plazatik abiatu da, eta buruan zihoan pankartan, aukeraturiko goiburu orokorraz gain, sindikatuaren hiru aldarrikapen nagusiak ageri ziren, «bizitza duina» bermatzeko ezinbestekotzat jotzen dituenak: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak, eta soldata eta pentsio duinak.
Koloretsua izan da LABen Bilboko mobilizazioa: pankarta nagusiaren atzetik, LABen koloretako ikurrak, ikurrinak eta Kubako eta Palestinako banderak ageri ziren non-nahi, baina presoak etxeratzearen aldekoak eta Tubos Reunidoseko kaleratzeen kontrakoak ere bazeuden. Atzerago, Ernaiko gazteek pankarta bat zeramaten, Euskal Herria sozialista leloa irakurgai, eta ondoren ehunka lagunek betetzen zuten Hurtado Ametzaga kalea.

Ibilbide osoan, oihuek ez dute etenik izan. «Euskal langileok hemen erabaki», «enplegu duinak, soldata duinak», «Euskal Herriak soldata propioa», «lana banatu, ondasuna banatu», «independentzia eta sozialismoa», «gora langileon borroka» eta antzeko leloak oihukatu dituzte, presoak etxeratzearen aldekoekin batera.
«Iberdrola eta Repsol eskandaluzko irabaziak izaten ari diren honetan, bizitza garestitu egin da, eta langileak pobretzen ari gara»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
Plaza Biribilera iritsita, manifestazioa gurutzatu egin da CNT, CGT, ESK eta beste sindikatu batzuk egiten ari zirenarekin, eta, aurrerago, etxebizitza eskubidearen aldeko kartelak itsatsi dituzte La Caixaren egoitza nagusian, manifestariek «etxebizitza negozioa eten» oihukatzen zutela. Buenos Aires kaleko justizia jauregiaren aurrean ere geldialdia egin dute: LABeko zenbait kide jauregiaren aurrean paratu dira, Zerbitzu publikoak euskaraz, Legezko bermeak euskararentzat, Bilbon lan eta bizi euskaraz eta antzeko leloak idatzita zeuzkaten kartelak zeramatzatela.
«Gerra inperialistaren» kontra
Udaletxearen aldamenean bukatu da manifestazioa, eta, han, Maddalen Dorador LABeko batzorde eragileko kideak gogora ekarri ditu sindikatua bultzatzen ari den zenbait borroka eta aldarrikapen: etxebizitza eskubidearen ingurukoa, euskararen aldekoa, hainbat lantegitako lan gatazkak eta abar. «Gerra inperialistaren» eta haren ondorioen kontra mintzatu da: «Langileok ez dugu gerraren faktura ordainduko; ez dugu gerraren aitzakian enpleguak galtzerik onartuko, ezta lan baldintzak okertzerik ere».
Gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria ere ahotan hartu du Doradorrek: «Neurri beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria da. Patronalak eta gobernuek gure proposamenak mespretxatu dituzte, baina borrokak aurrera dirau».
Donostiakoa izan da LABen manifestazio nagusia, eta han Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra aritu da hizlari. Hark ere gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka izan du hizpide, eta Imanol Pradalesen gobernuak horren aldeko greba orokorrari emandako erantzuna kritikatu du: «Elkarrizketa Sozialaren Mahaian iragarritako akordioak agerian uzten du zer hipoteka dituen Pradalesek; auzi sozialetan, Confebaskekin, eta nazio auzian, PSE-EErekin». Confebask zuritzea, «sindikalismo otzana» hauspotzea eta klase sindikalismo subiranista «zigortzea» leporatu dio Pradalesi.
Aranburuk ere «gerra inperialista» gaitzetsi du, eta horrek langileei ekarritako ondorioak kritikatu ditu: «Iberdrola eta Repsol eskandaluzko irabaziak izaten ari diren honetan, bizitza garestitu egin da, eta langileak pobretzen ari gara».