Aurrekontuak

Bizkaiak gizarte politiken gastua handituko du, eta azpiegiturena txikituko

Etxanobe ahaldu nagusiaren arabera, biztanleko 640 euro gastatuko dituzte.

Etxanobe ahaldun nagusia eta Berrojalbiz Ogasun diputatua, aurrekontuen aurkezpenean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 31
13:08
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak %3,8 handitu ditu 2024ko aurrekontuak. Guztira, 1.599 milioi euroren gastuak aurreikusten ditu, aurten baino 58,6 milioi gehiago.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatua aurrekontu proiektua aurkeztu dute astearte honetan, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistratuko dute, urtea amaitu baino lehen onar dadin. Etxanobe talde guztiekin hitz egiteko prest agertu da, baina EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak ez du talde horietako bakar baten babesa behar aurrekontua aurrera ateratzeko, gehiengo osoa baitu.

Foru ogasunak inoizko bilketarik handiena aurreikusten du 2024rako: 9.917 milioi euro; aurtengo aurrekontuetan aurreikusi baino 109 milioi gehiago (+%1,1). Aurrekontuak, guztira, 10.000 milioitik gorakoak izango dira, lehen aldiz; zehazki, 10.308 milioirenak, aurten baino %5,1 gehiago.

Kopuru horretatik 1.599 milioi aldundiko sailentzat izango dira, %3,8 gehiago. Etxanobek nabarmendu duenez, gizarte politiketarako erabiliko denak izango du pisurik handiena: biztanleko 640 euro jarriko dituztela adierazi du. Hala, aurrekonturik handiena duen arloa Gizarte Ekintza izango da: 691,1 milioi izango ditu, aurten aurreikusi baino % 6,1 gehiago. Beste sail nagusia Azpiegiturak eta Lurralde Garapena da; horrek % 7,2 gutxiago jasoko du, 243,1 milioi guztira. Garraio, Mugikortasun eta Turismo alorrak izango du diru sailik handienetan hirugarrena: 209,3 milioi, %1,6 gehiago.

Euskara, Kirola eta Kultura: %28 gutxiago

Legegintzaldi berriarekin batera, sailen izendapenean eta antolakuntzan aldaketak egon dira, eta kasu batzuetan ezin da konparaziorik egin, baina gehienetan bai.

Murrizketa izango duten sailen artean, Ogasun eta Finantza Sailak izango du handiena: %55,7koa, eta 65,9 milioiko aurrekontua izango du. Euskara, Kirola eta Kultura Sailera bideratutakoa ere nabarmen murriztuko da: %28,4 edo 18,8 milioi gutxiago, eta 66,2 milioiko aurrekontua izango du. Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailarena 84,2 milioikoa izango da (-%48), Ekonomia Sustapen Sailarena, 78,5 milioikoa (-%8,7), eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailarena, 85,1 milioikoa (-%1). Natura Ingurune eta Nekazaritza Sailak 75,6 milioiko aurrekontua izango du. Sail berria da, azken legegintzaldian Iraunkortasuna eta Inguru Naturala deiturikoak 103 milioiko aurrekontua izan du aurten.

2024ko aurrekontuaz gain, foru gobernuak beste 241 milioi gehitu ditu, aurreko urteetako soberakinetatik. Kopuru hori legegintzaldi osoan gauzatuko du, legegintzaldiko planaren lehentasunezko jarduerak garatzeko.

Udalak, %9,2 gehiago

Aldundiaren jardunarekin lotuta ez dauden diru sailetan, udalen finantzaketa handitu da gehien, %9,2, eta 1.132 milioi guztira. Gainera, 6.430 milioiko ekarpena egingo zaio Eusko Jaurlaritzari, %6,7 gehiago; 10,3 milioi izango dira Bizkaiko Batzar Nagusientzat, %3,1 gehiago; eta 618,5 milioi ordainduko zaizkio Espainiako Estatuari kupoarengatik, %12,3 gutxiago, aurten «aparteko ordainketa» bat egin delako. Langile publikoen soldatetara %5,4 gehiago bideratuko da, 263,5 milioi guztira. Eta zorra ordaintzeko, 252,7 milioi, %6,7 gehiago, «diruaren prezioa» igotzearen eta, beraz, interesak ordaintzearen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.