Bizkaiko 2024rako aurrekontuak onartu dituzte, EAJ eta PSEren botoei esker

Gainerako talde poltiko guztiak kontra azaldu dira, eta zuzenketa bakar bat ere onartu ez izana kritikatu dute.

Bizkaiko aurrekontuak
Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea eta Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun diputatua. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2023ko abenduaren 29a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Batzar Nagusiek oniritzia eman diete 2024rako aurrekontuei osoko bilkuran. Gipuzkoan eta Araban ez bezala, EAJk eta PSE-EEk Bizkaian duten gehiengo osoa baliatu dute horretarako, aldundia osatzen duten bi alderdien aldeko botoekin onartu baitute aurrekontu proiektua. Aurka azaldu dira, ordea, oposizioko gainerako taldeak, eta haien zuzenketa bakar bat ere onartu ez izana kritikatu dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak inoizko aurrekonturik handiena izango du datorren urtean: 10.308 milioi euro izango ditu gastatzeko, 2023an baino %5,1 gehiago da hori. Diru kopuru horrekin eta sailen artean egindako banaketarekin, EAJk eta PSEk uste dute bizkaitarren beharrei erantzuteko moduan izango direla eta gai izango direla martxan dituzten proiektuak aurrera eramateko ere.

Mikel Bagan EAJko batzarkideak aitortu duenez, ez dute oposizioaren zuzenketarik onartu, besteak beste, arrazoi horregatik. Azaldu du diru sailak «behar beste hornituta» daudela. Halaber, gaitzetsi du oposizioak konpromisoak «hautsi» dituela eta «proiektu estrategikoei uko» egin diela, herritarrek hauteskundeetan babestu arren. Goyo Zurro PSEko bozeramaileak ere kritikatu du oposizioko taldeek ez dutela «proiektu alternatiborik» aurkeztu. Dena den, adierazi du espero duela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean akordioak lortzea.

Oso bestelako iritzia eman du oposizioak. EH Bilduko Arantza Sarasolak esan du datorren urteko aurrekontuak «aurrekoen berdinak» direla, eta bizkaitarren beharretatik «oso urrun» daudela. Eneritz Madariaga Elkarrekin taldeko bozeramaileak ere aldundiari egotzi dio arduratuago egotea «sistema ekonomikoa salbatzeaz, iraunkortasun soziala eta ingurumenekoa bermatuko duten helburu eta lehentasunak birformulatzeaz baino».

Diego Pagadigorria PPren bozeramailearen iritziz, bestalde, aldundiak aurkeztutako aurrekontuek berretsi baino ez dute egiten EAJrena eta PSErena «eredu agortua» dela. Eta deitoratu du «administrazioak gero eta aberatsagoak» direla, eta, aldiz, «herritarrak eta enpresak gero eta pobreagoak».

Era berean, oposizioko taldeek akordiorako borondaterik eduki ez izana leporatu diete EAJri eta PSEri, bi alderdiek hala adierazi arren. Gogorarazi dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk osoko zuzenketa bana aurkeztu zietela aurrekontuei, eta 388 zuzenketa partzial, baina den-denak atzera bota zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.