Bizkaiko arte grafikoen sektorean 11 greba egun egingo dituzte

ELAk eta LABek deitu dute mobilizaziora, patronalak 2011ko lan ituna berritzeari jarritako «blokeoa» salatzeko.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, greba deialdia aurkezten, gaur goizean, Bilbon. BERRIA
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, greba deialdia aurkezten, gaur goizean, Bilbon. BERRIA
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 5a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garai zailean dago inprimategien eta arte grafikoen sektorea oro har. Eta horren ondorioak langileak ari dira pairatzen. Bizkaian, esaterako, azken lurralde hitzarmena 2011. urtekoa da, eta ordutik hona hura berritzeko egindako saio guztiek porrot egin dute, Cebek patronalaren jarrera dela-eta, sindikatuek salatu dutenez.

Otsailaren 24an egingo dute hurrengo bilera; iaz bederatzi egin zituzten. Orain artekoetan zer gertatu den ikusita, ELAk eta LABek ez dute gauza handirik espero. Hala, 11 greba egun antolatu dituzte, martxoaren 17tik apirilaren 1era bitarte.

Hamar urte luzez negoziazioak blokeatuta egon ziren, eta 2023ko ekainean osatu zuten berriro negoziazio mahaia. Ordutik, 34 alditan elkartu dira, baina, sindikatuek salatu dutenez, ez da «funtsezko aurrerapenik» egon. Mobilizazio ugari ere egin dituzte: 2024an, adibidez, hamabi greba egun egin zituzten.

Lanuzte gehiago eginez erantzungo dute orain ere. Martxoaren 17an hasiko dute protesta aldia, hain justu gutxieneko soldata propioa eskatzeko ELAk eta LABek deitu duten greba orokorraren egunean, eta apirilaren 1era arte iraungo du. Bi sindikatu horiek %70etik gorako ordezkaritza dute sektorean. Guztira 1.500 langile dira Bizkaian.

17.000 euro gordin urtean

Bizkaiko arte grafikoetan indarrean dauden soldata taulak 2011koak dira, eta sindikatuek gogoratu dutenez, hainbat kategoriatan urteko soldata gordina 17.000 euro ingurukoa baino ez da. Haien arabera, Hego Euskal Herrian lanbide arteko gutxieneko soldatak 21.000 eurokoa izan beharko luke. Bizkaiko arte grafikoetan horren azpitik daude sei kategoriatan.

ELAk eta LABek eskaera bateratua eraman dute negoziazio mahaira, baina ez dute zehaztu zenbateko soldata igoera proposatzen duten — funtsean, 2011tik galdutako erosteko ahalmen guztia berreskuratu nahi dute— eta zer beste eskaera egin dituzten ere. Salatu dute patronala hasieratik saiatu dela hainbat edukitan murrizketak ezartzen —antzinatasunean, bajen osagarrian, malgutasun neurrietan...—.

Horren harira, gogoratu dute 2024ko greben ostean, Cebekek «murrizketa horien zati handi bati» uko egin ziola, baina «beste eduki batzuetako aldeak» mantendu zituela, «batez ere hitzarmena indarrean zegoen bitartean soldatak eguneratzearekin eta soldata igoerekin lotuta zeudenak». Horrez gain, salatu dute patronalak «errelebo kontratuaren eskubidea» ezabatu nahi duela.

Aurreko protesten harira, patronalak adierazi du sindikatuen eskaerak onartzeak «arriskuan» jarriko lukeela sektorearen «lehiakortasuna» eta sektoreak «irautea», eta gogoratu izan du 2011tik hona Bizkaian arloko enpresen %65 itxi direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.