Bizkaiko Golkoan galdutako arrantzalearen bila jarraitzen dute

Frantziako agintaritzak Espainiakoaren esku utzi ditu 'Lasti' itsasontziko arrantzalea bilatzeko lanak

Erredakzioa
2009ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Beste egun batez ez dago Mutrikuko (Gipuzkoa) arrantzalearen arrastorik. Frantziako erreskate zerbitzuak aritu dira orain arte Manuel Goenaga 56 urteko arrantzalea bilatzeko lanetan, baina oraindik ez dute aurkitu. Hemendik aurrera, baina, Espainiako Itsas Agintaritza arduratuko da lan horretaz.

Nahiz eta Frantziak bilatzen ez jarraitu, arrantzalea galdu zen ingurutik (Bizkaiko Golkoa, Gironde ibaiaren isurialdetik 100 bat miliatara) pasatzen diren itsasontziak eta hegazkinak ohartaraziko dituztela adierazi du Bertrand Hudaultek, Atlantikoko Itsas Prefeturako bozeramaileak.

Igande gauean galdu zen Bizkaiko Golkoan Goenaga, Lasti itsasontzian lanean ari zela. Hain justu, hamabi eta erdiak aldera ikusi zuten lankideek azkenekoz, eta goizeko seiak inguruan nabaritu zuten haren falta. Orduan eman zuten desagerpenaren berri: «00:30 aldera erretiratu zen kamainara atseden hartzera, eta orduantxe ikusi zuten azkenekoz», jakinarazi zuen atzo Alejandro Uranga itsasontziko patroiak Mutrikun lehorreratu ostean.

Bilaketa lanekin nahiko ezkor agertu zen Lasti-ko patroia, «oso zailak» izango direla uste baitu. Izan ere, ez dakite zehatz-mehatz ez zer ordutan ezta zein tokitan erori zen itsasontzitik arrantzalea: «Helikoptero bat eta hegazkin bat ibili ziren atzo [herenegun] egun osoan bila, 25 kilometro gorantz eta beherantz, baina arrastorik ere ez daukagu non gertatu zen», zehaztu zuen patroiak.

Ikerketak aurrera jarraitzen du

Bitartean, desagerpenaren arrazoiak bilatzen jarraitzen dute.Atlantikoko Itsas Prefeturaren arabera, «posizio egonkorrean» ari zen arrantzatzen itsasontzia, eta, beraz, ez du uste desagertzeak itsas kolpe batekin zerikusirik izan duenik. Hala ere, oraindik hipotesi guztiek irekita jarraitzen dutela esan du.

Joan den ostegunean irten ziren legatza arrantzatzera, eta Bizkaiko Golkotik 150 miliako distantziara ibili dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.