Argindarra itsas azpitik garraiatzeko kablea jartzen hasi dira Bizkaiko golkoan. Horixe da Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) lotuko dituen goi tentsioko linearen lan nagusia. Sustatzaileen arabera, proiektuaren %60 egina dago, eta azpiegitura 2028an amaitzea espero dute osorik. Martxan jartzen denean, ia bikoiztu egingo du Frantziaren eta Iberiar penintsularen arteko argindar trukerako gaitasuna.
Espainiako Red Electricak eta Frantziako RTE sare elektrikoaren operadoreak bultzatu dute egitasmoa Inelfe sozietatearen bidez. Haien arabera, gaur egungo 2.800 megawatteko lotura 5.000 megawatteraino handituko da. Helburua da bi sare elektrikoen arteko trukea erraztea, eta Europako Batasunak sustatzen duen estatuen arteko interkonexioa indartzea.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean azaldu dutenez, itsasoko lanak hainbat fasetan egingo dituzte, uda honetatik 2027ko udara bitartean. Lemoiz paretik abiatu dira. Guztira, lau kable elektriko eta zuntz optikoko beste batzuk jarriko dituzte; azken horiek azpiegituraren kontrolerako izango dira.
Ikusi gehiago
Lehenengo fasean, Danimarkako NKT konpainiaren Victoria itsasontziak Bizkaiko kostaldearen parean dagoen 65 kilometroko zatia egingo du. Kableak itsas hondoan lurperatuta edo harriz estalita geratuko dira, itsas hondoaren ezaugarrien arabera.
Ur azpiko tarteak 276 kilometro izango ditu guztira, baina ibilbidea ez dute erabat itsasotik egingo. Capbretongo (Landak, Frantzia) itsaspeko arroila dela eta, ezinezkoa da kablea bertatik eramatea, eta, horregatik, inguru horretan 27 kilometro lur azpitik egingo ditu, berriro itsasoratu aurretik. Oztopo horren ondorioz, hasieran aurreikusitako trazadura aldatu behar izan dute, eta horixe izan da proiektuaren atzerapenaren eta garestitzearen arrazoietako bat.
Bizkaian ere lur azpitik egingo du azken zatia. Horretarako, Espainiako Red Electricak kilometro bat baino gehiagoko lau zulaketa egin ditu Lemoizko labarren azpian, kableak itsasotik lehorrera irits daitezen ingurumen eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Handik, lurpeko linearen bidez iritsiko dira Gatikako bihurgailu estaziora.
Atzerapena eta gainkostua
Azpiegitura, hala ere, uste baino beranduago ari dira eraikitzen. Hasierako asmoa 2025ean amaitzea zen, baina pandemiak, materialen garestitzeak eta, bereziki, Capbretongo arroila saihesteko trazadura berriak proiektua atzeratu dute. Aurrekontua ere nabarmen handitu da: 1.750 milioi eurokoa zen hasieran, eta 2.850 milioi eurokoa orain (+%63).
Europako Batasunak interes komuneko proiektutzat jo du interkonexioa, eta finantzaketaren zati bat bere gain hartu du. Izan ere, Bruselaren helburua da estatu kideen arteko lotura elektrikoak sendotzea, sobera dagoen energia herrialde batetik bestera errazago mugitu ahal izateko.
Bizkaiko golkoko lotura ez da Frantziaren eta Espainiaren arteko sare elektrikoak indartzeko proposatu den bakarra. Azken urteotan Nafarroatik eta Aragoitik Pirinioak zeharkatuko zituzten beste bi interkonexio ere aztertu dituzte. Bi egitasmo horiek, ordea, oraingoz baztertu egin dituzte, edo behintzat atzeratu, luzerako. Frantziak lehentasuna eman dio Bizkaiko golkoko itsaspeko loturari, eta bi gobernuek dagoeneko ez dituzte 2030erako aurreikusitako proiektuen artean sartzen bi egitasmo horiek.