Bizkaiko metaleko itunean sindikatuetako afiliatuek izango dute azken hitza

CCOOk, LABek eta UGTk begi onez hartu dute Jaurlaritzaren bitartekaritzaren proposamena. %15eko soldata igoera metatua jasotzen du 2022-2025 aldirako

CCOO, LAB, UGT eta haiekin batera mobilizatu diren beste sindikatuetako kideak, joan den abenduan egindako manifestazio batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Askatze bidean da Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmeneko negoziazioaren korapiloa. Printzipioz behintzat, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen eta FVEM patronalaren gustukoa den erdibideko proposamen bat egin du Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzak, eta testu hori nork bere batzarrera eramango du, oniritzia eman ala ez erabakitzeko. ELA, berriz, proposamenaren aurka azaldu da. Aurreneko hiru sindikatu horiek baiezkoa emango balute, indarrean sartuko litzateke hitzarmen berria, langileen ordezkaritzaren %59 dutelako; ELAk, berriz, %41. LABek ez du zehaztu bere afiliatuek noiz bozkatuko duten. CCOO eta UGTkoek bihar egingo dute. Eta ELAk ez du baztertzen kontsulta egitea.

Urtebete pasatu behar izan dute aldeek akordio batera gerturatzeko: tarte horretan, langileek 11 greba egun egin dituzte, eta sindikatuek eta patronalak 23 bilera egin dituzte, azkenekoak Eusko Jaurlaritzako Laneko sailburuorde Elena Perez Barredoren bitartekaritzarekin, CCOOk, LABek eta UGTk eskatuta. Sindikatuak bi plataformatan agertu dira negoziazio mahaira. Alde batetik, CCOOk, LABek eta UGTk osatutakoa —haiei beste sindikatu batzuk batu zaizkie: ESK, CGT eta CNT—, eta, bestetik, ELArena. Mobilizazio gehienak ere bananduta egin dituzte.

Soldatena izan da negoziazioko puntu nagusia. Jaurlaritzak mahai gainean jarritako proposamenak %15eko soldata igoera metatua jasotzen du ituna indarrean egongo den aldirako: 2022tik 2025era. Horrez gain, denbora horretan KPI bateratua hori baino handiagoa balitz, haren arabera eguneratuko litzateke —2026an—, oraingo hitzarmenean jasotzen den bezala, eta soldata bermeari ere eutsiko litzaioke. Funtsean, bitartekaritzak sindikatuekin eta patronalarekin abenduan egindako lehen bilerara eraman zuen eskaintza bera da: CCOO, LAB eta UGTk eskatutako %17,5etik beherakoa, baina patronalak eskainitako %14tik gorakoa.

Hala ere, beste puntu batzuetan egon da berrikuntzarik. Testuak norberaren aukerako zortzi ordu aurreikusten ditu, horietako lau berreskuraezinak. Eta baimenak eta lizentziak lanegunetan hastea, eta alor horretan jurisprudentziak ezarritakoa baliatzea.

Sindikatuek mahai gainean jarritako beste gai batzuei buruzko proposamenak ere jaso ditu testuak. Subrogazioari dagokionez, hori bermatzea instalazioetako langileentzat eta telefono lineen eta zuntz optikoaren mantentze lanetan aritzen direnentzat; 28.000 eurora arteko hobekuntzak istripuagatiko ezintasun eta heriotza aseguruetan; eta jazarpen protokoloetan LGTBI kolektiboa sartzea.

ELArentzat, «gutxiegi»

Negoziazio prozesuan zehar sindikatuek eskaera gehiago egin dituzte alor horietan eta beste batzuetan —lanaldien murrizketa,adibidez—, baina patronalaren jarrera ikusita moldatu behar izan dituzte. Adibidez, subrogazioa azpikontrata ia eremu guztietara zabaltzea eskatu zuten, baina FVEMek hasieratik argi utzi zuen ez zuela onartuko, argudiatuta eskaintza hori betetzea «ezinezkoa» dela enpresa gehienentzat.

Komunikabideetara bidalitako ohar labur batean, CCOOk, LABek eta UGTk esan dute proposamenak ez duela «atzerapauso bat bera ere» jasotzen sektoreko langileentzat, eta nabarmendu dute jasotako «aurrerapenak» egindako borrokari eta greba egunei esker lortu direla.

ELAk, berriz, «gutxiegitzat» jo du Jaurlaritzaren proposamena: azpimarratu du bere helburuetatik «urrun» dagoela, eta bitartekaritzak duela astebete egindakoaren «oso antzekoa» dela. «Elementu berri txiki batzuk baino ez dituzte txertatu norberaren aukerako orduei eta lizentziei dagokienez. Soldatei, subrogazioari, berdintasun planei, aplikazio bermeei eta beste eduki batzuei buruz, berriz, ez dago berrikuntzarik». ELA oso kritiko agertu da Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin; adierazi du ez dela onuragarria izan, eta «elementu desmobilizatzaile gisa» funtzionatu duela.

Hurrengoa, Gipuzkoa

Iaz, Arabako eta Nafarroako metaleko lan itunak berritu zituzten, eta Gipuzkoan joan den astean hasi zituzten elkarrizketak. 30.000tik gora langile hartzen ditu han. ELAk du ordezkaritza handiena (%48), LAB da hurrengoa (%36), eta CCOOk (%12) eta UGTk (%4) osatzen dute mahaia. Patronalarekin egindako lehen bileran nork bere plataforma aurkeztu zuen. Besteak beste, honako eskaera hauek egin zituzten: soldatak KPIaren arabera igotzea, lanaldiak murriztea, lan kontratak subrogatzea, laneko osasun eta istripuen protokoloak eta osagarriak hobetzea, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko eta LGTBI kolektibokoen jazarpenari aurre egiteko neurriak bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.