Bizkaiko metalgintza suspertzen ari dela dio FVEMek, «ahultasun aro baten ostean»

Industriaren jarduna egonkortu egingo dela uste du patronalak, baina egoera oraindik ere «konplexua» dela abisatu du, eta «zuhurtziaz» jokatu behar dela.

Haizea Windeko langile bat lanean, Santurtzin, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Haizea Windeko langile bat lanean, Santurtzin, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 27a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aho txikiarekin, baina aurtengorako aurreikuspen onak egin ditu FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak. Beheranzko joera irauliko dela iragarri du patronalak, baina onartu du egoera oraindik ez dela inola ere ona. Dena den, sektoreko enpresen jarduna egonkortu egingo delakoan dago, «ahultasun aro luze baten ostean».

Txostena Bizkaian metalgintzaren alorrean dabiltzan 216 enpresaren erantzunekin osatu du FVEMek; denera 19.000 langile dituzte konpainia horiek. Azalpenak Begoña San Miguel FVEMeko presidenteak, Adolfo Rey zuzendari gerenteak eta Iñigo Guinea zuzendariordeak eman dituzte Bilbon. 

55.961

Bizkaian zenbat behargin ari diren metalgintzan. Sektoreak azken hamabost urteetako langile gehien ditu Bizkaian: 55.961, iaz baino 1.138 gehiago. Aurten ere 800 eta mila lanpostu artean sortzea aurreikusi dute.

Kontatu dute iaz «balaztada handia» izan zutela metalgintzako enpresek, baina urte amaieran irauli egin zela 2024tik hartua zuten beheranzko joera. Aurtengo, berriz, egoerak hobera egingo duela aurreikusi dute, pixkanaka bada ere. San Miguelek esan du urrun ikusten duela guztiz suspertzea, eta, gainera, «zuhurtziaz» jokatzera dei egin du, nazioarteko egoera «konplexua» baira oraindik ere, «ezegonkortasun geopolitikoagatik eta Europako merkatuen ahultasunagatik».

Inkestari erreparatuta, enpresen %30ek esan dute 2025ean ez dituztela ezarritako helburuak bete, eta %19k soilik lortu dute haiek gainditzea. Enpresen %41ek adierazi dute eskari zorroa «ohiko moduan» dutela, %37k «ahultasun zantzuak» dituztela, eta %22k «maila onean» dutela.

Fakturazioa, gora

San Miguelek azpimarratu du ezegonkortasuna dela garaiotako ezaugarri nagusia, baina itxaropenerako datuak ere eman ditu. Enpresen fakturazioa, esaterako, %1,84 handitu zen iaz; aurten datuei eutsiko dietelakoan daude enpresen %44, eta hobetu egingo dituztelakoan %32. Irabaziak izan dituzte enpresen %82k, eta galerak %10ek. San Miguelen arabera, internazionalizazioa izan da irabaziei eusteko gakoa.

FVEMek nabarmendu du azken hamabost urteetako langile kopururik handiena duela sektoreak Bizkaian: 2025 amaieran 55.961 lagun zebiltzan bertan lanean, urtebete lehenago baino 1.138 gehiago. Aurten ere 800 eta 1.000 lanpostu artean sortuko dituztela espero dute. Ohikoa bihurtu den moduan, patronalak langile kualifikatuen falta dagoela abisatu du: enpresen ia erdiek esan dute langile berriak kontratatzeari utzi diotela, profil egokiak topatu ez dituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.