Bizkaiko metalgintzako enpresen %78 espero bezain ondo edo hobeto ari dira lanean

Joera onari eusten ari da Bizkaiko metalgintzako sektorea. Bigarren seihileko honetan ere ildo horri eustiko dio, enpresen %53k haien jarduera %75aren gainetik egotea espero baitute

Tamara Yague FVEM Bizkaiko metalgintza patronaleko presidentea. BERRIA
June Romatet Ibarguren.
2021eko uztailaren 22a
14:35
Entzun

Bizkaiko metalgintzako sektoreak azken hilabeteetako joera onari eutsi dio, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan nabarmen hobetu dira aurreikuspenak. Horrela, sektoreko enpresen %78k espero zituzten emaitzen pare edo hobe aritu dira. Joera hori aurtengo bigarren seihilekoan mantenduko da, enpresen %53k jarduera %75aren gainetik egotea espero baitute. Era berean, ondo bidean, nabarmen murriztuko dira (%10etik %5era) uste dutenak laurden batetik beherako jarduera izango dutela.

Datu horiek iragarpenak dira, FVEM Bizkaiko metalgintza enpresen elkartearen barne inkesta baten emaitzak. Ikerketak berretsi egin du merkatuen (barnekoak eta kanpokoak) egoeraren bilakaera positiboa dela. Izan ere, enpresen ia erdiek adierazi dute suspertze egoeran daudela edo egoera indartsuan, eta %66k egoera horretan egotea espero dute sei hilabete barru. Eskaera poltsek ere merkatuaren bizitasun berria erakusten dute, eskaera handiak dituzten enpresen kopurua bikoiztu egin baita apiriletik uztailera: ia %25 dira egun, eta %11,4 ziren lehen hiruhilekoan. Denbora tarte berean, erdira jaitsi dira eskaera txikiko enpresak, %14tik %7,4ra.

FVEM, baikorra da bigarren seihilekora begira. Hala ere, metalaren patronalak uste du oraindik denbora beharko dela pandemia aurreko egoeraren zenbakietara itzultzeko. Txostenean gaineratu dute enpresaren neurriaren arabera ere egoera ezberdina dela; enpresa txikiek datu okerragoak dituzte. Fakturazioari dagokienez, lehen seihilekoan % 7,4 igo da iazko datuekin alderatuta. Dena den, kontuan izan behar da 2020ko fakturazioa 2019koa baino %18 apalagoa izan zela. Enplegu datuetan, aldiz, egonkortasuna da nagusi, enpresen %78,8ek langile kopuru egokia dutela uste dute, eta %9,2k gehiago behar dituztela.

Zalantza eta beldurrei dagokienez, lehengaien kostua da “alde handiz” enpresak gehien kezkatzen dituen aldagaia. Bigarrena salmenten errentagarritasuna da, eta, hirugarrena, ekonomiaren ahulezia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.