'Black friday' egunean greba egitera deitu dute Bizkaiko merkataritzan

ELAk eta LABek lan itunen negoziazioa ez blokeatzeko eskatu diete Cecobi eta Bizkaidendak elkarteei

Merkataritzako hainbat langile, greba deialdien berri emateko antolaturiko agerraldian. I. M. E.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
ELAk eta LABek bi greba egunetara deitu dute azarorako Bizkaiko merkataritzako zenbait sektoretan. 4an egingo dute lehen lanuztea, eta 25ean bestea, black friday egunean. Egun, larru eta oinetako saltzaileen, eta arropa dendetako eta merkataritza orokorretako langileen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta Cecobi eta Bizkaidendak patronalak negoziazioa blokeatzen ari direla salatuko dute. Badakite merkatari txikiek zailtasunak dituztela, baina haien ukoak ezinezko bilakatzen du denda handietako lan baldintzak hobetzea. Saltoki handietako arduradunak ez daude elkarte horietan sartuta, baina haiek negoziatzen dituzten hitzarmenek handien langileen baldintzak ezartzen dituzte.

Baina zeintzuk dira baldintza horiek? «Hiru itunak izoztuta daude, eta, Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata berriz igotzen badu, hitzarmen horietako bi hobetuko ditu», zehaztu du Irati Sienra LAB sindikatuko merkataritza arduradunak. Esaterako, arropa dendetako itunaren arabera, langileek 1.202 euro gordineko —957 inguru dira garbi— hamabost ordainketa dituzte, eta 2015etik berritu gabe dago ituna. Merkataritza orokorreko hitzarmenarekin, langileek 1.059 euroko hamabost ordainketa jasotzen dituzte —838 inguru dira garbi—; 2018tik berritu gabe dago. Eta oinetako eta larru merkataritzako hitzarmenarekin, 1.012 euroko hamabost ordainketa —827 euro gordin—. Azken horren egoera are lazgarriagoa da, ituna 2007an berritu baitzen azkenekoz, eta tarte horretako KPIa kontuan hartuta, %20ko igoera beharko luke.

«Langileek erosteko ahalmenik ez galtzea eskatzen dugu. Jabeek gastu guztien igoera onartzen dute: argindarra, maileguak... langileen soldatarena izan ezik», argitu du Marije Fernandez ELAko merkataritza ordezkariak. Bizkaian, 11.000 langile inguruk dihardute itun horien eraginpean. 2019an hasi zituzten hiru itunak berritzeko negoziazioak.

Aurrerantzean sindikatuek dendari txikiagoen elkarteetara bideratuko dituzte eskaerak. «Harreman ona izan dugu haiekin; Igandeetan jai kanpainan eskutik joan ginen. Baina orain ikusi dugu eroso daudela gure protestak denda handietara zuzentzean, eta haiek dira negoziazioa desblokeatu behar dutenak», aldarrikatu du Fernandezek. Sindikatuek azaldu dute soldata eguneratze horiek gauzatzeko aukera eta epe asko eskaini dizkietela txikiei, baina beti ezezkoa eman izan dietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.