Borroka sindikala ez da lantokiko atea zeharkatu ondoren amaitzen. Azken urteetan, LAB industriako enpleguaren defentsan aritu da nagusiki, baina beste alor batzuetara ere zabaldu du jarduna: zaintzara, etxebizitzaren alorrera eta migratzaileen integraziora, besteak beste. Sindikatuarentzat, hori egiteak indar harreman berriak sor ditzake beste gatazka batzuetarako, langileen antolakuntza indartzeaz gain.
Hala azpimarratu du 2025-2026 urteko ekintza sindikaleko txostenean. Horren arabera, aldi horretan LABek 180 lan gatazka aktibatu ditu, aurreko urtean baino 24 gutxiago, baina greba gehiagotan erabili du borrokarako tresna gisa: 86 lan gatazkatan, hain zuzen ere —aurreko urtean baino 11 gehiagotan—. Gatazka gehienak enpresetan izan dira: 124 guztira. Beste 50 sektore mailakoak izan dira, eta gainerako seiak, etxebizitzaren auziarekin loturikoak.
Sektoreka, industrian «patronalaren erasoei erantzutea» izan da LABen jardunaren arrazoi nagusia. Hamar gatazketatik sei kaleratzeen, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen eta enpresen itxieren aurkakoak izan dira.
Industriako enpleguaren galera da LABen kezka nagusietako bat. Sindikatuaren arabera, enpresak trantsizio teknologikoa eta ekologikoa baliatzen ari dira langileei ziurgabetasuna helarazteko eta etorkizuneko inbertsio eta enplegu planak ez zehazteko. Horren harira, nabarmendu du aldi baterako neurriak luzera begirako malgutasun tresna bihurtzen ari direla. Ohartarazi du, esaterako, autogintzan gero eta ohikoagoak direla enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak.
%43Zenbat lan gatazka amaitu diren akordio batekin.Â
Borroka sindikalaren eraginkortasuna datuetan neurtu du LABek. Sindikatu horrek 174 lan gatazkatan parte hartu du —batzuetan bakarrik, eta beste batzuetan beste sindikatu batzuekin batera—, eta 86tan greba erabili dute. Akordioa lortu du 75 gatazkatan (%43). Sektore feminizatuetan, berriz, 45 borroka aktibatu ditu, eta horietatik hamahiru grebak izan dira; gatazken %29 akordio batekin itxi dira. Zaintza sektorean, itxiera tasa %39koa izan da, aurreko aldiko %20koaren aldean. Azpikontratetan, berriz, %16tik %46ra igo da.
Bilakaera horrek erakusten du, LABen arabera, patronala ez dela berdin mugitzen sektore guztietan. Nabarmendu du zaintzan, azpikontratazioan eta sektore feminizatuetan langileen borrokek emaitza hobeak lortu dituztela aurten. Zerbitzu publikoetan, ordea, kontrakoa gertatu da. Lan gatazken %13 baino ez dira itxi akordio batekin. Sindikatuaren arabera, mobilizazio handiak egin arren, administrazio publikoek erresistentzia handiagoa erakutsi dute.
Zerbitzu pribatuen sektorean, berriz, negoziazio kolektiboa izan da mobilizazioen arrazoi nagusia. Hainbat lan gatazkatan itunak berritu dituztela azpimarratu du, «patronalaren blokeoa hautsita». Adibide gisa, EAEko jangeletako auzia aipatu du. Beste hainbatetan, ordea, gogoratu du ez dutela halakorik lortu eta borrokan jarraitzen dutela, hala nola Bizkaiko garbiketa sektorean, Nafarroako merkantzien garraioan eta Euskal Herriko teknikarien sektorean.
Lan esparru propioa
LABek bultzatutako hiru gatazkatik bat sektore feminizatuekin eta arrazializatuekin lotuta dago. LABek bereziki azpimarratu du migratzaileen antolakuntza sindikala. Salatu du zaintzan, ostalaritzan, arrantzan eta beste hainbat sektoretan administrazio egoera irregularrak zerikusi handia duela lan baldintza okerragoekin. Estatalizatutako sektore asko feminizatuak edo arrazializatuak direla gogoratu du.
Horrekin lotu du gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka. Martxoaren 17ko greba aurtengo mugarri bat izan dela nabarmendu du, eta aldarrikapen horrek garrantzia hartu duela agenda politikoan eta sozialean. Sindikatuaren arabera, horren aldeko mobilizazioek hainbat sektoretako negoziazioak indartu dituzte, eta gogoratu du 1.500 euroko gutxieneko soldata lortu dutela zenbaitetan: Bizkaiko arte grafikoetakoa eta Nafarroako kiroldegietako eta zahar etxeetakoa, esaterako.

Lan harremanen esparru propioaren aldeko borrokak, berriz, emaitza onak izan ditu, LABen iritzian. Nafarroako zahar etxeetan lehen sektore hitzarmena sinatu dute, kolektibitateen sektorean lehen hitzarmena lortu da, eta Bizkaiko arte grafikoetan sektoreko hitzarmena berreskuratu dute. Arabako zahar etxeetan ere patronala negoziaziora mugiarazi duela azaldu du, nahiz eta sindikatuak ez duen sinatu akordioa, sektoreko langile guztiei ez dielako eragiten.
LABen ekintza sindikala, halaber, lantokietatik kanpora ere hedatu da. Sindikatuak sei gatazka kolektibo sustatu ditu etxebizitzaren alorrean. Bilbon, erabilera turistikorako etxebizitzak bihurtzeko asmoa geldiarazi dute auzokideek; Iruñean, berriz, 190 etxe babesturen kalifikazioa mantentzea lortu dute. Beste gatazka batzuetan, hala nola Gasteizen, Donostian eta Bilbo inguruan, maizterren mobilizazioek aurrera jarraitzen dute.
Administrazioan, euskararen aurkako epai eta erabakien aurka antolatutako erantzun sindikala ere nabarmendu du LABek, eta maiatzaren 9ko manifestazioa jarri du horren adibide gisa.