Nafarroako ekonomiak atzeraldian jarraitzen du, uzkurtzearen erritmoa pixka bat gutxitu den arren: urteko hirugarren hiruhilekoan %0,3 txikitu da BPG barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gutxiago. Datu hori nabarmendu du Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak, baina, Espainiako Gobernua ez bezala, ez da ausartu kimu berdeei buruz hitz egitera. Ikustekotan, urruti ikusten ditu, datorren urtearen bigarren erdian. «Baieztatuko balira, berrindartzearen lehen zantzuak izango lirateke».
Nafarroako Estatistika Institutuak bildutako informazioaren arabera, duela urtebetetik hona %1,8 txikitu da lurraldeko ekonomia. Urtearen amaieran uzkurtzea %1,5ekoa izatea espero du Iruñeko gobernuak, eta %1,2koa 2013an. Goikoetxeak garrantzia kendu dio Espainiak baino erritmo bizkorragoan atzera egiteari. «2011n gehiago hazi ginen gu, eta horregatik gertatzen ari da hori». Espainiako Ekonomia Ministerioak zabaldu duenez, azken hiruhilekoan %0,3 txikitu da hangoekonomia, eta azken urtean,%1,6. Goikoetxeak nabarmendu duenez, gaur egun Nafarroaren BPGa 2007ko azken hiruhilekoa baino 0,5 puntu txikiagoa da, eta bost puntu txikiagoa Espainian.
Esportazioak gaizki ez doazenez, barne eskariaren moteltzea da atzeraldiaren arrazoi nagusia. Langabeziaren hazkundeak, enplegua galtzeko beldurrak eta soldata jaitsierek kontsumo pribatua gutxitu dute; erakunde publikoek gerrikoa estutzeak, kontsu- mo publikoa apaldu du, eta inbertsioa ere jaitsi da kontsumoa txikitu delako eta enpresek zailtasunak dituztelako proiektu berriak finantzatzeko.
Espainiaren defizita behera
Eustatek azaroaren 9an kaleratuko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hiruhilekoko emaitzak, baina ez dira askoz hobeak izango. Jaurlaritzako Ekonomia Sailak kalkulatu duenez, urte arteko tasan BPGa %1,6 jaitsi zen urteko hirugarren hiruhilekoan, eta %2,1 laugarrenean. Urte osorako, BPGa %1,2ko txikitzea espero du.
Ekonomia atzeraldian izan arren, prezioek ez dute atsedenik ematen. INEk atzo aurreratu zuenez, Espainiaren inflazioa beste hamarren bat igo zen urrian, %3,5 arte. Bi aste barru emango ditu INEk Hegoaldeko datuak. Irailean, Espainiakoa baino hamarren bat txikiagoa izan zen.
Atzo zabaldutako beste datu bat Espainiako gobernu zentralaren defizita da: 46.113 milioi eurorena da, BPGaren %4,39. Abuztuan %4,77koa zen, baina BEZaren igoerak lagundu dio. Urte osorako %4,5eko defizit muga du.
BPGaren jaitsieraren erritmoa moteldu da Nafarroan
Iruñeko gobernuak uste du 2012an ekonomia %1,5 txikituko dela, eta %1,2, berriz, datorren urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu