Nazioarteko merkataritza

BRICSeko kide izango dira Saudi Arabia, Iran eta Argentina

Guztira sei herrialde batuko dira Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hegoafrikak osatutako taldera. Erabakiak errezeloa piztu du Bruselan eta Washingtonen.

BRICS taldeko agintariak, ostegun honetan, Johannesburgon. KIM LUDBROOK (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 24a
11:55
Entzun

Datozen urteetan nazioarteko merkataritzaren joko arauak baldintzatu ditzakeen erabakia hartu dute BRICS taldea osatzen duten herrialdeek —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika—. Beste sei kide izango ditu blokeak: Saudi Arabia, Egipto, Etiopia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran eta Argentina. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera parte hartuko dute erakundean. Erabakiak errezeloa piztu du Bruselan eta Washingtonen.

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak egin du iragarpena ostegun honetan, taldea Johannesburgon egiten ari den goi bileran. Prentsaurrekoan Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak, Xi Jinping Txinakoak, Narendra Modi Indiako lehen ministroak eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak parte hartu dute. Vladimir Putin ez da joan, Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua emana baitu Ukrainan gerra krimenak egin zituelakoan.

Hegoafrikako Gobernuaren arabera, berrogei bat herrialdek adierazi zuten talde horretan sartzeko nahia, eta 23k ofizialki. Aste honetan eginiko bileretan taldeko kideak ados jarri dira kide berriek bete behar dituzten irizpideei buruz, eta, azkenean, sei onartu dituzte.

Txina izan da taldea zabaltzearen alde indar handien egin duen herrialdea, eta, bereziki, Saudi Arabiaren sarrera defendatu du. Herrialde horretako petrolio erosle nagusia da, eta harremanak estutzen aritu da azken urteetan. Ukrainako gerragatik Errusiari jarritako zigorrak direla medio, garrantzi handiko erabakia da taldean Saudia Arabia onartu izana. Munduko petrolio ekoizlerik handienen artean bigarrena da. Errusiaren eta Txinaren bloke ekonomikoan sartzeak, halaber, are gehiago gaiztotu ditzake Riaden eta Washingtonen arteko harremanak, eta indartu egin dezake BRICSen posizioa G7koen kontrapisu gisa. Antzera gertatzen da Arabiar Emirerri Batuekin eta, bereziki, Iranekin. Lulak, berriz, Argentina batu izana txalotu du, Brasil baita haren bazkide komertzial nagusia eta Hegoamerikako ekonomiarik indartsuenetarikoa.

Taldea zabaltzeari buruzko zalantza gehiago agertu dituzte Hegoafrikak eta Indiak. Ekonomikoki India da, gaur egun, taldearen barruan Txinari itzal egin diezaiokeen herrialde nagusia.

Taldea 2006an sortu zuten Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinak, eta 2010ean Hegoafrika batu zitzaien. Nazioarteko merkataritzan eta, bereziki, Hegoalde globalean erreferentziazko erakundea izan nahi du BRICS. Taldeko kideen helburuetako bat da herrialde horietan AEBek eta dolarrak duten eraginari aurre egitea. Besteak beste, Garapen Berrirako Banku bat sortu zuten 2015ean, garatzen ari diren ekonomietako proiektuei maileguak emateko eta bestelako egitasmo estrategiko batzuk finantzatzeko: adibidez, Txina eta Italia lotuko dituen azpiegitura komertzial erraldoia: zetaren bide berria. Taldearen beste xedeetako bat, diru propio bat sortzea haien merkataritza harremanetarako, hastapenetan dago, eta ez dago argi inoiz jaioko ote den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.