Bridgestonek 232ra murriztu du Basaurin kaleratu nahi dituen langileen kopurua

Zuzendaritzak malgutu egin ditu erretiro aurreratua hartzeko baldintzak, eta hobetu kalte ordainak. Ekoizpena handitzea ere aurreikusten du, urtean 100.000 gurpil gehiago eginda.

Bridgestonen Basauriko lantegia. ALFREDO ALDAI /  EFE
Bridgestonen Basauriko lantegia. ALFREDO ALDAI / EFE
Kepa Ugarte Martiarena - Aitor Biain
Basauri
2025eko maiatzaren 12a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Bridgestonek Basauriko plantako 335 langile kaleratu nahi zituen hasieran; gaur, ordea, beste proposamen bat egin die pneumatiko lantegiko zuzendaritzak sindikatuei, azkena izango dela ohartarazita: 232 behargin kaleratzea proposatu die, hau da, hasieran iragarritakoak baino 103 langile gutxiago. Horrez gain, malgutu egin ditu erretiro aurreratua hartzeko baldintzak, eta hobetu borondatez lana uztea erabakitzen dutenenetzat. 

Enplegua erregulatzeko espedientea negoziatzeko egiten ari diren bileran jakinarazi diete eskaintza fabrikako buruek langileen ordezkariei. Goiz eta arratsalde bildu dira zuzendaritzak eta sindikatuak gaur, hain zuzen ere, amaitzear baitago elkarrizketen aldia —datorren astean amaituko da—. Langileak presio egiten ari dira bitartean. Izan ere, 11. greba eguna egiten ari dira Basauriko plantan, eta gaur ere erabat gelditu dute produkzioa. 

Eta, dirudienez, presio horrek izan du ondoriorik, Japoniako multinazionalak bigarrenez murriztu baitu kaleratu nahi dituenen kopurua. Joan den astean ere enpresak murriztu egin zuen erregulazio txostenak barne hartutako langileen kopurua: hasieran proposatutako 335etik 290era, alegia. Eta gaur beste urrats bat egin du zuzendaritzak, zenbateko hori 232ra jaitsita. 

Horretaz gain, aurretiazko erretiroa hartzeko baldintzak malgutu egin ditu, gutxieneko adina bi urte jaitsi baitu. Plan bat aurkeztu du horientzako: enplegua erregulatzeko espedientearen eraginpean dauden eta datorren ekainaren 30ean 55 urte beteak izango dituzten langileei soldata garbiaren %80 kobratzeko aukera emango die, urteko %2ko eguneratzearekin. Gainera, zuzendaritzak sindikatuei jakinarazi die 53 urtetik gorakoak espedientetik kanpo geratuko liratekeela.

Bridgestone

Bridgestoneko langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES

Kaleratzeen baldintzak ere hobetu egin ditu: urteko 45 eguneko soldataren kalte ordaina izango lukete nahitaezko kaleratzeen kasuan, eta urteko 45 egunekoa, gehi beste 30.000 euro, espedientea ontzat ematen duten beharginentzat. Halaber, zuzendaritzak hitza eman die hurrengo bi urteetan ez duela enplegua erregulatzeko txostenik aurkeztuko. Eta bost urteko epean kaleratzeak egin beharko balitu, baldintza berberei eusteko prest dago.

Lantegiaren etorkizuna

Basauriko plantaren etorkizuna bermatzea da langileen eta haien ordezkarien beste helburuetako bat. Bada, enpresaburuek lantegiko ekoizpena ere handituko dutela adierazi diote sindikatuei gaurko bileran: 700.000 gurpil azaletik 800.000 gurpil azalera, hau da, 100.000 gehiago urtean. Gainera, merkatua berreskuratuz gero, hasierako 150.000 pneumatiko gehigarriak Bizkaiko lantegi hartan ere egingo liratekeela hitzeman du zuzendaritzak, eta ez Polonian.

Izan ere, kaleratzeak justifikatzeko, Japoniako multinazionalak argudiatu du azken urteetan behera egin duela kamioien pneumatikoen salmentak, eta hura dela Basauriko lantegian egiten duten produktu nagusia. Aurtengorako %25eko jaitsiera espero zuen. Autoentzako pneumatikoak Basauritik gertu egiten dituzte, Usansolon (Bizkaia).

Enpresaren datuen arabera, 2024a oso urte txarra izan zen Basauriko lantegian: salmentak %58 gutxitu ziren 2023koekin alderatuta: 2023an 183.152 tona saldu zituzten, eta iaz, berriz, 77.633 tona; hots, 2023an 841 milioi euro fakturatu zituzten, eta iaz, 351 milioi euro.

Zuzendaritzak egindako eskaintza onartuko duten edo ez erabaki beharko dute orain sindikatuek; astelehenerako eman beharko diote erantzuna. Sindikatu bakoitzak bilerak egingo ditu bihar, eta ondoren greba batzordea ere bilduko da hurrengo pausoak erabakitzeko. Gaur-gaurkoz, asteazkenean beste greba egun bat egingo dute.

Sindikatuek nabarmendu dute batasunari esker lortu dituztela hobekuntzak orain arte. Hala ere, ikusteko dago enpresaren azken proposamenak zatiketarik eragingo ote duen, ELA jada aurka azaldu baita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.