Kaleratzeen negoziazioan aurrerapausoak ematen ari direla dirudi. Basauriko Bridgestoneko zuzendaritzak eta sindikatuek bosgarren bilera izan dute gaur, eta pneumatikogileak atea zabaldu dio kaleratu nahi dituen langileen kopurua murrizteari eta enplegua erregulatzeko txostenak eragingo dien beharginen baldintzak hobetzeari. Langileek, bitartean, bederatzigarren greba eguna egin dute, eta biharko ere deitua dute lanuztera.
Apiril hasieran iragarri zuen enpresak langileen %40 kaleratzeko asmoa, eta horren aurka ari dira protestan. Orain arteko bileretan ez dute akordiorik lortu zuzendaritzak eta langileen batzordeko ordezkariek, eta sindikatuek zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi dute.

Gaur, ordea, akordiorako bidea urratzen hasi dira. Negoziazio epea luzatzea adostu dute, eta Japoniako konpainia prest agertu da, lehen aldiz, langilerik zaharrenei erretiro aurreratuak eskaintzeko. Orain arte, 55 urtetik gorakoak enplegua erregulatzeko txostenetik kanpo utzi nahi zituen. Alegia, langilerik zaharrenak ez zituen sartu nahi 335 kaleratuen zerrendan.
Plantan 891 langile daude, eta %10 inguru dira 55 urtetik gorakoak. Kontuan izanda zuzendaritzak langileen %40 kaleratu nahi dituela, eta horiei epe motzean erretiroa hartuko luketenak gehitu beharko litzaizkiekeela, urte gutxian lantaldea erdira murrizteko arriskua ikusten zuten sindikatuek.
Kopuru hori «puztuta» dagoela salatu dute, eta gaur kaleratuen zenbatekoa berrikusteari bide eman dio Bridgestonek, baita kaleratzeen baldintzak hobetzeari ere. Konpainiak proposatu du lan egindako urte bakoitzeko 35 eguneko kalte ordaina ordaintzea. Aurreko proposamena 27 egunekoa zen. Dena den, kontuan izan behar da 2012ko kaleratzeetan urteko 43 egunekoak izan zirela kalte ordainak.
Proposamena aztertzeko denbora
Efe berri agentziaren iturriek jakinarazi dutenez, enpresa Basauriko lantegia mantentzeko konpromisoa erakusten ari da. Besteak beste, hitzeman du, kamioientzako eta autobusentzako pneumatikoen ekoizpen aurreikuspenak gainditzen baditu, lantegi horrek lehentasuna izango duela haientzako gurpil azalak fabrikatzeko orduan ere. Bridgestonen goi gamako Durabis gurpil azalak ere Basauriko lantegian ekoitziko dituzte.
Ikusi gehiago
Bihar berriz biltzekoak ziren bi aldeak, baina batzar hori bertan behera utzi dute sindikatuek enpresaren azken proposamena behar bezala aztertu dezaten. Ondorioz, hurrengo bilerak hilaren 8an eta 12an izango dira. Erregulazio txostena adosteko epea maiatzaren 19ra arte luzatu dute.
Beraz, oraingoz, lanuzteei eutsiko diete sindikatuek. Bihar izango dute hamargarren greba eguna, eta Basauriko lantegian langileen batzar orokorra egingo dute beste mobilizazio egutegi bat adosteko.
PROTESTA JAPONIAKO ENBAXADAN
Lanuzteen testuinguruan, Basauriko eta Puente San Migueleko (Kantabria, Espainia) Bridgestoneko langileek mobilizazioa egin dute gaur Japoniak Madrilen duen enbaxadaren parean. Lau autobus bete dituzte hara joateko, eta, euripean, 300 lagun inguru aritu dira protestan Despidorik ez, plan industriala ja! lelopean.
Kantabriako fabrikan beste 211 behargin kaleratu nahi ditu pneumatikogileak, eta Burgosko lantegitik ere mobilizatu da jendea gaur. Protestaz gain, bilera bat egin dute Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroarekin eta Industria Ministerioaren ordezkaritza batekin, eta Japoniaren enbaxadan manifestu bat entregatu dute gaur egun duten egoeraren berri emateko. Enbaxadoreari eskatu diote konpainiaren Japoniako zuzendaritzarekin hitz egiteko.