David Goliaten aurka. Europako Batzordeak muturrekoa eman dio Txinako merkataritza elektronikoko erraldoi bati: Temuri. 200 milioi euroko isuna jarri dio, bere plataforman «legez kanpoko eta arrisku handiko produktuak» saltzea eragotzi ez duelako. Bruselaren ikerketaren arabera, Temuk ez du behar bezala identifikatu eta kontrolatu arrisku hori, eta horrek babesik gabe utzi ditu Europako kontsumitzaileak. Bruselak aspalditik dauzka begiz jota Txinako merkataritza plataformak. Otsailean Sheinen aurkako ikerketa bat abiatu zuen, arrazoi berberengatik.
Temuri buruzko ikerketaren ondorioak bereziki larriak dira haurrentzako produktuen kasuan. Europako Batzordeak azaldu duenez, aztertutako jostailu askok legez baimendu baino substantzia kimiko gehiago zituzten, eta hainbat piezak itotzeko arriskua eragiten zuten. Produktu horien kargagailuetan ere akats larriak atzeman ditu: aztertutako askok ez dituzte oinarrizko segurtasun probak gainditu, eta erredurak eta bestelako arrisku elektrikoak eragin ditzakete.
Algoritmoak jomugan
Arazoa ez da produktu jakin batzuetara mugatzen, gainera. Europako erakundeek uste dute plataformaren beraren diseinuak ere lagundu duela arriskutsuak diren produktuak hedatzen. Zehazki, Bruselak Temuren gomendio algoritmoak eta sustapen sistemak jarri ditu jomugan, legez kanpoko produktuen ikusgaitasuna handitu dezaketelako.
Europako Batzordeak ohartarazi du Temuren erabiltzaileek probabilitate handia dutela plataforman legez kanpoko produktuekin topo egiteko
Henna Virkkunen Europako Batzordeko subiranotasun teknologikorako presidenteordeak adierazi du Temuk «nabarmen gutxietsi» dituela bere zerbitzuek sortzen dituzten arriskuak. Haren esanetan, plataformaren arrisku ebaluazioak ez dira nahikoa zehatzak, ez daude froga sendoetan oinarrituta, eta ez dute erakusten benetako arazoaren neurria.
Ikusi gehiago
Isuna 2022ko EBren Zerbitzu Digitalen Araudian (DSA) oinarrituta ezarri dute; horrek betebehar bereziak ezartzen dizkie Interneteko plataforma handiei. Europako Batasunean gutxienez 45 milioi erabiltzaile dituzten enpresek, euren aplikazioek sor ditzaketen arriskuak aztertu, eta neurriak hartu behar dituzte erabiltzaileak babesteko. Temu da araudi horren ondorioz ekonomikoki zigortutako bigarren enpresa. Lehena X izan zen, Elon Musken sare soziala: 120 milioi euroko isuna jarri zioten iaz.
Hala ere, Bruselak gogorarazi du Temuri ezarritako zigorra ez dela araudiak ahalbidetzen duen handiena:Â %6rainoko isunak aurreikusten ditu kasurik larrienetarako.
Funtzionamendu adiktiboa
Europako Batzordeko iturriek azaldu dutenez, Temuren aurkako ikerketa zabalik dago oraindik, eta beste hainbat alderdi aztertzen ari dira: erabiltzaileengan mendekotasuna sor dezaketen diseinu elementuak, gomendio sistemen gardentasuna, eta datuen babesa, besteak beste. Iturri horiek iradoki dute litekeena dela etorkizunean zigor gehiago ezartzea plataforma horri.
Temuk, bestalde, ez du ontzat jo isuna. Adierazi du erabakia «neurrigabea» dela, eta gogorarazi du Europako Batzordeak aztertutako arrisku ebaluazioa 2024koa dela, ez gaur egungo egoerarena. Konpainia horren esanetan, azken hilabeteetan neurriak hartu ditu erabiltzaileen babesa eta produktuen kontrola indartzeko.
Orain, Temuk abuztuaren 28ra arteko epea izango du egoera zuzentzeko ekintza plana aurkezteko. Europako Batzordeak txostena aztertu beharko du, eta, neurriak nahikotzat jotzen ez baditu, zigor gehiago ezarri ahal izango dizkio konpainiari.