Bruselak 550 milioi euroko isuna jarri dio Aliexpressi, produktu arriskutsuak saltzeagatik

Europako Batzordeak ondorioztatu du Txinako plataforma horrek ez dituela behar bezala kontrolatzen bere salgaiak eta produktu faltsifikatuak.

Aliexpressen aplikazioa sakelako telefono batean. BERRIA
Aliexpressen aplikazioa sakelako telefono batean. BERRIA
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 20a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi hilabete Temu izan zen; orain, Aliexpress. Europako Batzordeak beste koska bat estutu ditu Txinako merkataritza elektronikoko plataformak, eta 550 milioi euroko isuna jarri dio Alibaba taldearen filialari. Bruselaren ustez, plataforma horrek produktu faltsifikatuak eta Europako segurtasun araudia betetzen ez dutenak saltzen ditu.

Aliexpressi jarritako isuna da orain arte Zerbitzu Digitalen Araudia urratzeagatik ezarritako handiena —araudi hori 2022an sartu zen indarrean—: aurtengo maiatzean, Temu zigortu zuen Bruselak arrazoi berberengatik, 200 milioi euroko isuna ezarrita, eta, iaz, X sare sozialak 120 milioiko isuna jaso zuen gardentasun faltagatik.

Europako Batzordearen ikerketaren arabera, Aliexpressek ez du baliabide nahikorik bere plataforman saltzen diren produktuak kontrolatzeko. Ikertzaileek ondorioztatu dute enpresak bere sistema automatizatuen esku uzten duela hori, eta ez dela nahikoa: hori dela eta, legez kanpoko produktu asko —faltsifikazioak ez ezik, segurtasun arauak betetzen ez dituzten jostailuak eta kosmetikoak ere— aste luzez egon dira salgai, baita arriskutsuak zirela atzeman ondoren ere.

Gainera, Bruselaren arabera, plataformaren gomendio algoritmoek eta publizitate sistemek ere laguntzen dute produktu horiek zabaltzen, eta azpimarratu du Aliexpressek bere plataformaren bidez saltzen duten dendei jarritako zigorrak ez direla eraginkorrak izan: arauak urratu dituztenetako askok ez diote jarduteari utzi, eta kontrol sistemei erraz izkin egin diete, produktuen kategoriak aldatuta.

Aliexpressek urriaren 20ra arteko epea izango du egoera zuzentzeko plan bat aurkezteko. Europako Batzordeak proposamen hori aztertuko du, eta, beharrezkotzat jotzen badu, konpainiari beste neurri batzuk ere ezarri.

Zerga berria indarrean

Europako erakundeek aspalditik dauzkate jomugan Txinako online merkataritzako erraldoiak. Maiatzaren amaieran Temuri 200 milioi euroko isuna jarri zioten, haren plataforman saltzen ziren jostailu, kosmetiko eta bestelako produktu askok Europako segurtasun araudia urratzen zutelako. Otsailean, berriz, Sheinen aurkako ikerketa bat abiatu zuten antzeko arrazoiengatik.

Bruselaren kezka ez dagokio soilik produktuen segurtasunari: uste du plataforma horiek Europako Batasuneko merkataritza elektronikoaren barne lehia desitxuratzen ari direla. Horregatik, aduanetako arauak gogortzen ere hasi da.

Uztailaren 1etik indarrean da Txinako salgai merkeen gaineko hiru euroko zerga 150 eurotik beherako paketeetan. Urte luzez, bidalketa horiek ez zuten muga zergarik ordaindu behar Europara sartzean, eta salbuespen horren onuradun nagusiak Aliexpress, Temu eta Shein izan dira. 2025ean bakarrik, 5.900 milioi pakete iritsi ziren baldintza horietan Europako aduanetara; horietatik hamarretik bederatzi Txinatik.

Europako Batzordeak uste du produktu merkeek, tokiko merkatariei kalte egiteaz gain, arriskuan jartzen dutela kontsumitzaileen segurtasuna ere. Europako ikuskaritzen arabera, Internet bidez Europara iritsitako hamar produktuetatik ia seik ez dituzte betetzen EBko segurtasun arauak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA