Orain arteko joko arauak pixka bat zabalduz erantzun nahi dio Europako Batzordeak azken hamarkadetan izan duen shock ekonomiko handienari. Aurrekontu berezi bat sortu nahi du, EB Hurrengo Belaunaldia izenekoa, eta 750.000 milioi euro jarri nahi ditu koronabirusaren aurkako borroka ekonomian eragiten ari den triskantza leuntzeko: 500.000 milioi laguntza zuzenak izango dira krisia gehien jasan duten herrialdeentzat eta sektoreentzat, eta gainontzeko 250.000 milioi euroak, mailegu bidez ematekoak.
Proportzio horrekin asebete nahi ditu elkartasuna nahi dutenak, baina baita norbere etxea txukun mantentzea derrigorrezkoa dela defendatzen dutenak ere. Laguntzen gaineko kontrola egongo dela ziurtatze aldera, Bruselak proposatu du laguntza guztia EBren aurrekontu propioak dituen tresnetatik bideratzea.
«Bi aukera ditugu: bakarrik joatea, atzean utzita herrialdeak, eskualdeak eta jendea, eta daukatenen eta ez daukatenen batasun bat sortu, ala bidea elkarrekin egin, aurrerako urratsa egin eta geure jendearentzat eta hurrengo belaunaldiarentzat bide hori landu», aldarrikatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.
Zenbat diru izango da?
Europako Batzordeak proposatu du 1,85 bilioi euroko aurrekontu bat izatea 2021-2027 eperako. Horietatik 1,1 bilioi izango lirateke ohiko aurrekontua, baina beste 750.000 milioi euro egongo lirateke, EB Hurrengo Belaunaldia deitutakoa (Next Generation EU). Izen hori jarri dio Bruselak orain arte suspertze funtsa esaten zitzaionari, eta haren bidez aurre egin nahi die koronabirusaren krisiak sortutako kalte batzuei. Angela Merkelek eta Emmanuel Macronek proposatu zuten moduan, 500.000 milioi euro transferentzia zuzenak izango lirateke, hau da, estatukideek EBri itzuli beharko ez dioten dirua.
Baina Frugal Four edo Lau Gartxuak izenekoei ere keinu bat egin nahi izan die Von der Leyenek, aurrera egiteko haien oniritzia beharko duelako edozein planek: 250.000 milioi euro mailegu gisa iritsiko dira. Joan den asteburuan zabaldu zuten beren proposamena Herbehereek, Austriak, Suediak eta Finlandiak, eta laguntza oro mailegu gisa emateko eskatu zuten, estatukide batek beste baten gastuak ez ordaindu behar izateko.
Non dago diru hori?
Oraingoz, zor publikoan inbertitu ohi duten funts, finantza erakunde eta beste inbertitzaileen poltsikoetan. Europako Batzordearen helburua da 750.000 milioi horiek finantza merkatuetan biltzea. Hau da, dirua ez da aterako estatukideen kutxetatik, baizik eta maileguan hartuko du Bruselak. Gutxi jorratutako bide bat da hori, baina krisi honetan beste tresna baterako ere erabiliko du: langabezia sariak pagatzen laguntzen sortu duen Sure funtserako (100.000 milioi euro).
Nola itzuliko du dirua?
Horretan datza beste berritasun bat. Maileguen zatia, 250.000 milioi horiek, dirua jaso dutenek itzuli beharko dute, baina bilioi erdia estatukideen poltsikoetan arakatu gabe bueltatu nahi ditu. Nola? EB osorako sortutako zerga eta tasa berrien bidez.
Horien artean batzuk aipatu ditu Von der Leyenek: erabilera bakarreko plastikoei tasa bat jarri nahi die; beste bat, merkatu bakarrari etekin gehien atera dioten enpresa handiei, eta hirugarrena, erraldoi digitalei. Bere ekoizpenean karbono dioxido asko erabiltzen duten produktuei —altzairuari edo autoei, esaterako— tasa bat ezartzea ere proposatu du batzordeak, eta baliabideak lortu nahi ditu CO2 isurketen merkatutik ere.
Bruselaren asmoa da zorra eta haren interesak ez ordaintzen hastea 2028. urtera arte, eta, asko jota, 2058. urte arte iristea ordainketak.
Zenbat diru jasoko du herrialde bakoitzak?
Europako Batzordeak gaur eman nahi ditu kopuru zehatzak, baina gutxi gorabeherako batzuk aurreratu dituzte. Diru gehien jasoko lukete Italiak (82.000 milioi diru laguntzetan eta 90.000 milioi maileguetan) eta Espainiak (77.000 milioi laguntza zuzenetan, eta 63.000 milioi maileguetan).
Baldintzarik gabeko laguntza da?
Ez. Baldintzak izango dira, baina erreskateen eta troikaren garaian baino sotilagoak izango dira. Hau da, beltzezko gizon-emakumeen bisitarik ez lukete eragin behar, EBren ohiko aurrekontuko programetan txertatuko baita laguntza, eta horrek eskatuko die EBko kideei dirua zehazki zertarako erabiliko duten zehaztea, eta Bruselaren kontrola jasatea.
Zertan gastatuko dute dirua?
Hiru zutabe ditu Bruselaren planak. Lehenik, 670.000 milioi izango dira inbertsioak eta erreformak finantzatzeko. Atal horretan garrantzitsuena Suspertze Funtsa izango da; plan bat aurkezten duten guztiek jasoko dute zerbait, baina batez ere kalte gehien jasan dutenek (Mediterraneo ingurukoek). Horren barruan izango dira digitalizaziorako eta trantsizio energetikorako laguntzak. Kohesio Funtsak indartzeak 55.000 milioi eramango ditu —batez ere gazteen langabezia handia dutenentzat—; Bidezko Trantsiziorako funtsak, 40.000 milioi —CO2 isurketak txikitzeko—; eta 15.000 milioi nekazaritza eskualdeen garapenerako.
Inbertsio pribatuak sustatzea da batzordearen planaren bigarren zutabea. Sektore estrategikoak indartzea izango da lehentasuna.
Azkenik, koronabirusaren aurkako borrokan funtsezkoak direla erakutsi duten atalak sustatuko dituzte. Horrela, osasun sistemak hurrengo krisietarako prestatzeko programak 9.400 milioi izango ditu, eta beste 9.400 milioi osasun arloko ikerketa indartzeak.
Eta orain, zer?
EBko kideen arteko negoziazioek jarraitu egingo dute. Asko hitz egin dute azken asteetan suspertze planari buruz, baina orain proposamen zehatz bat dute eztabaidarako. Ekainaren 19an dira biltzekoak, baina nekez onartuko dute ezer ordurako. Koronabirusa bereziki Txinaren arazoa zenean, otsailean, egin zuten goi bilera bat aurrekontuari buruz, eta porrot egin zuen. Hortaz, oso litekeena da luze jotzea eztabaidak —uztailerako bukatzea espero du Von der Leyenek—, eta haren ondoren parlamentuek oniritzia eman beharko diote. Bien bitartean diru premia dutenek finantza merkatuetara jo beharko dute, edo EBk bultzatutako laguntza lerroak baliatu —Sure programa, ESM erreskate funtsaren 240.000 milioi euroren maileguak, eta EIB Europako Inbertsio Bankuak enpresei utziko dizkien 200.000 milioi euroak—.
Denetarik izan da lehen erreakzioetan. Madrilek eta Erromak ontzat hartu dute plana. «Bikaina da Bruselaren keinua; Italiak erakutsitako bidetik doa», esan du Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak. Suediako Gobernuak, berriz, kontra egin du.
Batzordeak proposatutakoari harrera ona egin diote Europako Legebiltzarreko bozeramaile kontserbadoreek, sozialdemokratek, liberalek eta berdeek. Eurodiputatuen babesa behar du planak. ETUC Europako sindikatuen federazioa eta Business in Europe patronalak ere alde azaldu dira.