Bruselak espero du euroguneak atzeraldia saihestea

Alemaniak, Espainiak eta Erresuma Batuak, ordea, hazkunde negatiboa izango dute hiruhileko honetan

Iker Aranburu.
2008ko irailaren 11
00:00
Entzun
Erregaien eta lehengaien prezio igoera handiek, amaitzen ez den finantza krisiak eta etxegintzaren boom-aren bukaerak ekonomian eragindako motelaldia espero baino handiagoa izan dela aitortu du Europako Batzordeak. Besteak beste, aurreko faktore guztiek herritarren eta enpresen konfiantza galarazi dutelako eta kontsumoa jaitsarazi. Hala ere, Bruselak espero du ekonomiak ozta-ozta baina lortuko duela atzeraldia saihestea.

Joaquin Almunia EBko Ekonomia komisarioak atzo jakinarazi zuenez, Europako Batasuneko Barne Produktu Gordina %1,4igotzekoa da aurten, duela lau hilabete eskas aurreikusitakoa baino 0,6 puntu gutxiago. Eurogunean egoera are okerragoa izango da: apirilean %1,7ko igoera espero zuen Bruselak, baina %1,3koa orain.

Atzeraldi teknikoaren ertzean egongo omen da euroaren eremuko 15 herrialdeetako ekonomia, baina, Almuniaren arabera, eragotzi egingo dute. Bi arrazoi direla kausa: azken hilabeteotan petrolioaren eta lehengaien prezioek behera egin dutelako, eta euroaren balioak ere behera egin duelako. Hala, Euroguneko Barne Produktu Gordinak %0,2 egin zuen behera urteko bigarren hiruhilekoan, baina amaitzear dagoen honetan ez du ez atzera ez aurrera egingo, eta urteko azkenekoan, %0,1 egingo du gora. EBkoak ere, berdintsu.

Hala ere, herrialde batzuek ezingo dute atzeraldia eragotzi. Horien artean daude Alemania, Erresuma Batua eta Espainia. Alemaniak %0,5 egin zuen behera bigarren hiruhilekoan, eta beste %0,2 egingo du behera oraingoan ere. Erresuma Batuko ekonomia %0,2 jaitsiko da azken bi hiruhilekoetan, eta %0,1 eta %0,3, hurrenez hurren, Espainiakoa. Hirurek ala hirurek, ordea, lortuko dute urtea zenbaki positiboetan amaitzea: %1,8 Alemaniak, %1,4 Espainiak eta %1,1 Erresuma Batuak. Italiak izango du alde horretatik emaitzarik txarrena, %0,1eko hazkundearekin.

Prezioak ere, gorantz

Inflazioari dagokionez, EBk espero du urte amaiera aldera zertxobait arintzea, eta 2007. urtearen amaierako prezio igoera handiak berriro ez gertatzea. Hala ere, apirileko aurreikuspena %3,6tik %3,8ra igo du. Espainian %4,5ekoa izango da, eta %3,5ekoa Frantzian.

Giro txarra izanagatik, Almuniak dei egin zien EBko gobernuei krisiari gastu publikoaren handitzearen bidez ez erantzuteko. «Finantza publikoetan lortutako aurrerapausoei eutsi egin behar diegu, etorkizuneko belaunaldien gaineko pisua gehiago ez handitzeko, biztanleriaren zahartzeari aurre egin beharko diote eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.